Datuak, Eustatetik ateratakoak, benetan dira deigarriak:
- adinekoentzako egoitzetako (erresidentzietako) plaza kopurua, 65 urte eta gehiagokoen mila pertsonako emanda, 23.27 besterik ez dira Getxon, EAEn adierazle horrek berak 42.06 balioa hartzen duelarik;
- eta beste horrenbeste adineko pertsonentzako eguneko zentroetako plazen kopuruari dagokionez: 4.28 plaza Getxon, EAEn 9.05 denean (datu hori ere 65 urte eta gehiagokoen ‰etan).
Azken urteetan bizitzen ari garen pandemia luze eta gogaikarri honek hainbat gauza utzi ditu agerian, besteak beste eredu ekonomiko kapitalista basatiaren muga ekologikoak, neurriz gaineko globalizaziori loturiko arazo produktiboak, osasun sistema publikoen zaurgarritasuna eta prekarietatea… Eta horiekin batera, zaintzaren krisia ere jarri digu muturren aurrean, lehendik ere existitzen zen problematika eta egoera, orain gordinkiago azaleratu dena zaintza beharrak areagotu diren honetan.
Zaintzarena, gai konplexua eta konponbide estrukturalak behar dituena, zaintza lanaren errekonozimendutik hasi eta zaintzen ardura kolektiboan oinarritu behar direnak. Ez duelako balio orain arte bezala lan hori guztia emakumeen bizkar uzteak, ez du balio eta gainera ez du funtzionatzen, jada emakumeok ezin dugulako (ez gaude full time etxean eta zaintzara dedikatuak, enpleguaren munduan ere bagaudelako); eta gainera ez dugulako nahi, denon onurarako den lan hori denon artean egin behar dugula uste dugulako.
Eredu zaharrak jada ez du funtzionatzen eta eredu berri baterako trantsizio batean gaude, zaintza beharren zati geroz eta handiago modu kolektiboan eskaintzera eramaten gaituena. Baina a zer nolako trantsizioa!! Sistema kapitalista patriarkal honetan askotan gertatzen den moduan, erabat kaotikoa izaten ari da, agintari publikoen aldetik planifikazio eta antolaketa seriorik gabe, negozio pribatuari esparru zabala utziz. Hain zabal, ezen eskaintza pribatua publikoa baino askoz handiagoa den (Bizkaian, zahar egoitzen artean 46 dira titularitate publikokoak eta 180 pribatukoak; eta plazei dagokienez, 3272 publiko eta 8177 zentro pribatuetan).
Sektore publikoak ardura berezia du hori guztia berrantolatzen eta egituratzen. Pertsonen beharrizan oinarrizkoenak, hala nola osasuna edota zaintza beharrak, ezin dira errentagarritasun pribatuaren arabera kudeatu; ez, pertsonak erdigunean jarriz eratu nahi dugu Euskal Herri berria eta hori da gure apustua zaintzen arloan ere.
Zahar egoitza eredu aurreratuak nahi ditugu: egoiliarren komunitatea den auzo edo herrian txertatuak, bertokoen hizkuntza errealitaterekiko sentsibilitatea dutenak, adinekoen beharrak eta beren duintasuna uztartzen duten bizitegi egiturak dituztenak, etxeekin antza dutenak; kualifikazio egokia eta lan baldintza duinak dituzten langileen eskutik. Eta titularitate publikokoak , pertsonen bizi beharrekin negozioa egingo ez denaren berme sendoena izateaz gain horiek direlako ardura publikoari exijitu ahal zaion kudeaketa humano eta eraginkorra benetan ziurtatu dezaketenak.
Eginkizun horretan Getxotik bertatik has gaitezke, are gehiago lehenbailehen hasi beharko ginateke, izan ere lehenago datuetan islatuta ikusi dugun moduan oso atzetik gabiltza, oso urrun EAEko batezbestekotik. Ordua da Getxon zahar egoitza publiko moderno, aurreratu eta kalitatezko gehiago eskaintzekoa. Arrazoiak begi-bistakoak: batetik, behar horiek egon badaudelako; bestetik, getxoztarrek gutxienez inguruko herritarrek duten ekipamendu eta prestazio maila berak izateko eskubidea ere badugulako; baina batez ere, kalitatezko zaintza kolektibo publikoa delako historikoki eta bidegabeki emakumeen bizkar utzi den zaintzen gainkarga ikusezin hori pixkanaka arintzen eta zuzentzen joateko modurik egokiena eta justuena.