Jakina da estatuaren indar errepresiboek gurean kontrakotasun osoa (izan) dutela, horren adierazle izanik Alde Hemendik! aldarria. Hala ere, Guardia Zibilaren lekua hartzetik, azkar batean egin zuen salto Ertzaintzak estatuaren defentsaren lehen lerro izatera. PNVren jostailu bihurturik, ekinaren ekinaz, izaera integral bat garatzen joan da; izaera zipaioa argiki. Zentzu horretan, Joxemari Agirreren (¿Cipayos? Policía vasca o brazo armado del PNV) hausnarketarekin bat egiten dut. “Beste askorekin batera, egin beharreko nazio eztabaida dugu polizia ereduarena, baina, bitartean, ozen eta garbi esan beharra dago: Herriarena ez delako, Ertzaintza hau sobran dugu.”
Ez naiz sartuko beraz, beharrezkoa den eztabaida sakon eta zailean, bihotza bero izanik ere (ostiraleko irudien ostean are beroago) burua hotz aurre egitekoa dena. Ez naiz sartuko Ertzaintza eraldatzea posible ote den eta horretarako zer bide urratu beharko genituzkeen hausnartzen.
Bereziki arduratzen nau Udaltzaingoa Ertzaintzaren modeloarekin parekatu nahi izateak. Izan ere, EAEko Polizia Lege berriarekin, eta batez ere udaltzainen kontratazio modeloaren aldaketarekin, PNVren aspaldiko ametsa den hori errealitate bilakatzen ari da: gure herrietako udaltzainak Ertzaintzaren zerbitzu hutsera mugatzen diren morroi bilakatzea. Nik, kontrara, getxoztarron zerbitzura dagoen Udaltzaingoa nahi dut.
Edozein gizartek, herritarrok gure eskubideez gozatu al izateko, nolabaiteko segurtasuna bermatu beharra dauka. Segurtasunik gabe, ez dago eskubiderik. Edo, beste modu batera esanda, ez dago eskubiderik hauek garatzeko baldintzarik ez badago. Izan ere, eskubideak askatasun egoeran bermatzen dira, eta ez dago hauek askatasunez garatzerik baldintzatzaileak diren egoeretan. Hori bai, segurtasuna ez da inoiz bere horretan helburu bilakatu behar, askotan egiten den legez. Segurtasuna eskubide eta askatasun horien gozamenerako baldintza da, ez besterik. Eta nik, horrela zintzoki uste dudalako diot, iritzia daukat komunitate orok bere burua autoantolatu eta, lan banaketa eraginkorraren filosofiari eutsiz, segurtasun hau bermatzearen ardura zehatza duen kidego bat osatzeko beharra daukala. Nire eskubideak zureak hasten diren lekuan bukatzen badira, behar ditugu, norberaren momentuko iritzi pertsonalaren gainetik, hau kudeatzen lagunduko diguten arauak, eta noski, baita hauek errespetatzen direla bermatuko duten mekanismoak ere. Mekanismo horietako bat da polizia.
Baina polizia ez bada printzipio honetan oinarritzen, laster pasatzen da soilik errepresiboa den indar hertsatzaile izatera. Herritarron eskubide eta askatasunen jarduera librea babestea helburu izatetik, herritarron kontrola bermatzeko aginte aparatu izatera azkar batean egin dezake salto. Herriaren zerbitzura eta komunitate horren parte izatetik, herritarren kontra eta komunitatea etsaitzat izatera salto.
Ardura oso handia da beraz, komunitatearen aginduei men eginez, honen interesen arabera norbanakoen eskubideak eta askatasunak era puntualean (eta beti salbuespen gisa) mugatzea. Ez da edonork har dezakeen ardura. Elkarrizketarako dohaina, pedagogia handia, autokontrol sakona, hurbiltasuna eta zerbitzatzen den komunitatearen jakintza sakona, eta beste hainbat gaitasun behar dira. Baita kontrol mekanismo zorrotzak ere. Bestela, arbietrateari ateak irekitzen zaizkio.
Baina gaur egun, udaltzainek Arkauten, eta oso labur, jasotzen dute formakuntza. Edonor izan daiteke udaltzain, edozein direla bere gaitasunak eta ezagutza maila. Nola da posible? Irakasle izateko, mediku izateko, gizarte hezitzaile izateko, formakuntza handia jaso behar da. Ardura handiko eginkizunak diren heinean, prestakuntza handia eskatzen zaie ardura horiek beteko dituzten kideei. Baina komunitatearen mesedetan botere maila altua ematen diegun kideei, legez autoritate gisa izendatzen ditugun horiei, porra eta pistola gerrian paseoan dabiltzan horiei, ez zaie ia inolako prestakuntzarik eskatzen. Gaur egun askorentzat polizia egitea irtenbide erraza (eta azkarra!) bilakatzen ari da. Soldata duina, inpunitatea eta besteen gainetik egotea dakar. Boterea hartu eta nahieran erabiltzea, besteak zapaltzeko. Eta dena gure poltsikotik ordainduta!
Panorama honekin, ez da harritzekoa Txiki-Otaegi enparantzan inongo istilurik egon ez, eta udaltzain batek sortu izana. Makarrarik ez dugu nahi gure kaleetan zehar komunitatea erasotzen. Are gutxiago guk ordainduta bere gastuak. Ez dugu nahi ezta ere hizkuntza eskubideak bermatu ez, eta zapaltzen dituen udaltzainik. Ez dugu gustuko konfinamendu garaian sortutako zaintza sareekin harremana estutu eta lagundu beharrean, isunen mehatxuekin ibili zen polizia. Baina zoritxarrez, asko dauka horretatik.
Norabidea aldatzera behartzen ez baditugu, etengabeko tentsio eta gatazka sortzaile izango den udaltzaingo baten aurrean topatzeko arriskua daukagu. Ez da txantxetarako kontua. Herri bezala mahai gainean kolpea eman eta nahikoa dela esateko ordua heldu delakoan nago. Ez da gazteen arazoa soilik, arazo hau denona da, eta garaiz heldu ezean, gureak egin du.
Bada garaia, getxoztarrok merezi dugun kalitatezko zerbitzu publiko gisa jardungo duen udaltzaingo bat sortzeko, herritarrekiko hurbila, proaktiboa eta jendartearen beharrei erantzungo diena, berdintasun baloreetan oinarrituko dena eta jardunbide demokratikoa izango duena. Erabaki politikoa da. Eta gure zerbitzura baino, gure kalterako dauden udaltzainak, kanpora. Has dadila udal gobernua Txiki Otaegin istiluak sortu zituen udaltzain hori kanporatuz. Ez da gehiegi eskatzea. Bestela, jarraituko dugu polizia gorrotatzen, zer erremedio!