IRITZIAK

Osasuna eskubidea da, ez negozioa

Helena Franco Ibarzabal | 2023-04-05 09:42:00

Pena handiz ikusten ari gara EAJ-k pikutara daramala Osakidetza.

Eta ez, ez da gu EAJ desgastatzeko egiten ari garen kanpaina bat, edozein herritarrek badaki Osakidetza gero eta txartoago dabilela, adibidez: gaixorik egonda mediku kontsulta deitu eta datorren astea baino lehen ezin dizutela eman esaten dizutenean, edo gaur mediku batekin eta datorren hilean beste batekin tokatzen zaizunean; edo espezialista batekin, demagun neurologoarekin, Alzheimer gero eta handiagoa duen amarentzat kontsulta eskatu eta 6 hilabetera ematen dizutenean; medikuek asmatu ezinik daramaten zure gaitzaren diagnostikorako ezinbestekoa den proba bat eskatu (dentsitometria bat esaterako) eta gutxienez 8-10 hilabete itxaron beharko duzula esaten dizutenean… eta horrelako mila adibide jar ditzakegu.

Egoera larria da, horren adierazgarri gure osasun sistema publikoak herritarrak gero eta gehiago kezkatzen dituela: 2022ko abenduan Deustobarometro sozial izeneko inkestak azaldutako txostenean, kezka nagusien artean osasun arreta agertu zen lehen aldiz, eta gainera oso goian, bigarren postuan (soilik prezioen igoera orokorraren atzetik). Eta Osakidetzaren balorazioa 10en gain 5.0koa izan zen, hots, ozta-ozta gaindituta. Sekulako aldea hamarkada bat lehenagoko egoerarekin, Osakidetza herritar gehienentzat harro egoteko arrazoi handienetakoa zenean.

Osasun zerbitzu publikoaren txarrera egite horren aurrean gero eta gehiago dira aseguru pribatuak kontratatzera jotzen duten herritarrak (jakina, hori egin nahi eta, batez ere, hori egin ahal dutenak). EAEn (Euskal Autonomia Erkidegoan) azken hamarkadan osasun aseguruen kontratazioak %19,5 egin du gora, horrela gaur egun ia 505.000 biztanlera iristen delarik poliza pribatu bat dutenen kopurua (biztanleriaren %23). Eta horren ondoan txanponaren beste aldea: osasun zentro pribatuak ugaritzen eta indartzen ari dira. Gure herrian buelta bat eman besterik ez da behar urte gutxian kontsultorio eta klinika pribatuen presentzia nabarmen handitu dela ikusteko.

Begi bistakoa da: osasuna pribatizatzen ari da, negozio bihurtzen. Eta horretarako erabiltzen ari diren bidea ez da batere orijinala, ez; zerbitzu publikoen pribatizaziorako erabili ohi den betiko ildotik ari dira: kudeaketa txarra eta utzikeria, zerbitzuaren kalitatea murrizteko eta horrela herritarrek pixkanaka eskaintza pribatura jo dezaten; aldi berean osasungintza publikoan eskaini behar diren hainbat zerbitzu progresiboki pribatizatzen joan, baliabide faltaren aitzakian gaixoak zentro pribatuetara deribatuz, edota zerbitzu batzuk eragile pribatuen esku utziz kontzertazioen bidez. Baliabide faltaren “aitzakian” esan dut, bai, izan ere dauden gabezia horiek (ekipamendu eskasiak, mediku eta erizain nahikorik ez egotea, eta gisakoak) Osakidetzaren arduradun eta kudeatzaileek eurek sortuak baitira, urteetan zehar izan duten aurreikuspen falta eta inbertsio erabaki desegokien ondorioz.

EAEn EAJ da prozesu hori gidatzen ari dena, arrazoi argi batengatik: hori da bere eredua osasun zerbitzuetarako, eta hori da orokorrean gaur egun bultzatzen ari den gizarte eredua. Garai bateko gizarte kohesionatuaren proposamenetatik gero eta urrunago, mendebaldeko eskuinaren planteamenduekin gero eta lerrotuagoa agertzen ari zaizkigu jeltzaleak, eredu dualizatu baterako bidean: zergak herri aurreratu bati dagokion mailaren oso azpitik mantenduz, oinarrizko zerbitzuak (osasuna edota zaintza adibidez) negozio pribatuaren esku utziz (alegia, ordaindu ahal ditzakeenarentzat); eta aldi berean zerbitzu publikoak kopuruz eta kalitatez ahulduz joan, gizarteko sektore babesgabeenei arreta minimoa eskainiko liekeen sistema publiko marjinal bat bihurtzeraino.

Baina ez gaitezen alarmismoan erori, zorionez oraindik ez gaude fase horretan, eta gure esku dago mediku kontsultara goazenean osasun txartela beharrean visa txartela eraman beharko dugun eguna ez iristea. Osasuna ez da merkantzia bat, ez diezaiegun gure babesa eman gure osasun eskubidea pribatizatu nahi dutenei, eta defenda dezagun osasungintza publiko, integral, unibertsal eta kalitatezkoa. Osasuna pertsona guztien eskubidea delako, eta ez gutxi batzuen negozioa.