IRITZIAK

Mintza gaitezen turismoaz

Helena Franco Ibarzabal | 2024-03-11 10:14:00

Kostatzen ari zaigu turismoari buruzko eztabaida kritiko eta lasaia egitea. Abantailak goretsi bai, baina haren mugak mahai gaineratzen direnean asko dira defentsiban jartzen direnak.

Baina errealitatea tematia da eta, guk nahi ala ez, gure begien aurrean jartzen ari zaizkigu, gero eta nabarmenago, egungo turismo ereduaren mugak eta kalteak; eta horren aurrean, ostrukarena egitea ez da onargarria planeta honetako herritarrekin eta are, etorkizuneko belaunaldiekin solidario eta bidezko jokatu nahi dugunon aldetik.

Turismoak, bere horretan, ez dauka zertan kaltegarri izan, zalantza barik baditu bere alde onak. “Turistei” eguneko errutinarekin apurtu eta beste kultura eta ingurune batzuk bertatik bertara ezagutzeko eta disfrutatzeko aukera ematen digu. Jomuga diren tokientzat jarduera ekonomiko inportantea izaten da, diru sarrerak eta enplegua sustatzen dituena (askotan baldintza prekario samarretan bada ere eta turismoak eragiten dituen irabaziak modu desorekatu samarrean banatzen badira ere, gutxi batzuen onurarako).

Kontua da turismoa arazo handi bihurtu dela hartu duen izaera eta, batez ere, dimentsioagatik, horrek ez-jasangarri bihurtzen baitu. 2023an 1.300 milioi nazioarteko bidaiari egon ziren turismo arrazoiengatik (gehi barneko turismoan, nork bere herrialde barruan egiten duen turismoan, 8.000 milioi inguru, bidaiarien kopurua nazioartekoa bider 6 izaten dela estimatzen baita).

Izan daitezkeen beste eragin batzuk gutxietsi gabe (esaterako, kulturala edo linguistikoa, edo turismoari loturiko kanpo menpekotasuna), ingurumenari buruzko alderdiei jarri nahi diet arreta. Kontrolik gabe dagoen turismo eredu honen kalte ekologikoak itzelak dira, besteak beste: milioika pertsonak garraiobide erabat kutsagarrietan (hegazkinak, kruzeroak) milaka kilometroko desplazamenduak egiteari loturiko CO2 isurpen kopuru erraldoiak; giza jardueraren gehiegizko kontzentrazioak natur ingurune batzuetan eragiten duen hondakin eta kutsadura metaketa (hondartzak adibidez, edo natur ingurune berezi batzuk); azpiegitura handien inpaktuak (aireportuak, portuak, errepideak) lurraldean eta ingurumenean.

Aipamena egin nahi diet, halaber, tokiko eraginei, alegia, turismo gune diren tokietan bertan (izan hiri bateko kasko historiko edo auzo jakin batzuk, izan hondartzak dituzten herri eta zonaldeak, edo ingurune natural bereziak diren guneak) gertatzen diren eragin kezkagarriei, hala nola: etxebizitzen alokairuen garestitzea, produktu eta zerbitzuen prezioen igoerak, ondare historiko edo naturalaren narriadura, hondakinen eta kutsaduraren gehikuntza…; horrek guztiak azkenean bertan bizi ziren herritarrak auzo eta herri periferikoetara desplazatzen ditu, komunitateak eta komunitate bizitzak hautsiz.

Ezin dugu itsu-itsuan irentsi edozein turismo mota edota turismoaren edozein hazkunde erritmo. Erantzukizunez jokatu behar dugu, ez bakarrik bidaiarien eskubideak aintzat hartuz, baita bertoko herritar eta komunitateekiko errespetuz eta, batez ere, planetak dituen mugak aintzakotzat hartzen ere.

Zorionez, gero eta gehiago gara kezka hau partekatzen dugunok, eta hainbat lekutan hasi dira neurriak proposatzen, horietako batzuk honakoak: azpiegitura erraldoien eraikuntza eta handiagotzeak gelditzea (garraio azpiegiturak, baina hotelak eta gisakoak ere); hirigune batzuetan eta, orohar, zonalde oso saturatuetan, turismoa eskaintza mugatzeko neurriak (adibidez, hainbat tokietan jadanik egiten den moduan, onarpen-kargaren araberako aforo maximoak ezarriz); tasa turistikoak, oporretarako etxeen alokairuen araugintza zorrotzak edota sektoreko langileei soldata eta lan baldintzak duinak ziurtzeko neurriekin batera. Zoritxarrez hauek guztiak motz geratuko zaizkigu eta ziurrenik neurri zorrotzagotara jo beharko dugu, baina abiapuntu egokiak izan daitezke gizartean turismoa arautu eta kontrolatu beharraren ideia zabaltzen hasteko.

Bistan da Euskal Herria ez dagoela honetatik guztietatik libre, Lapurdiko kostaldea edo Donostia aldera begiratu besterik ez dago. Baina Bilboaldean, eta Getxon ere, badugu zer hausnartu eta zer egin. Zentzu horretan oso interesgarria iruditu zitzaidan EH Bilduk kruzeroen kopurua mugatzeko, eta haien inpaktua neurtzeko azterlan bat eskatzen egindako proposamena (udal gobernuak aintzat hartu ez zuena). Horrelako ekimenek turismoaren gaia mahai gainean jartzen laguntzen dute eta eztabaida soziala bultzatzen. Planetaren eta tokiko komunitateen suntsitzaile den turismo bortitz baten aurrean beste turismo eredu batzuk ere defenditu daitezkeelako, neurrikoagoak, errespetuzkoagoak eta jasangarriagoak. Horra hor gure apustua.