IRITZIAK

Itsasadar azpikoa: hurbildu, ala urruntzen gaituen errepidea?

Aitor Gallastegi Bilbao | 2023-12-19 08:49:00

Gero eta gehiago gara ulertzen dugunok klima aldaketa eta trantsizio energetikoa, krisi ekosozialaren baitan, XXI. mendeko erronka garrantzitsuenetarikoak izango direla. Gure metabolismo sozioekonomikoan aldaketa sakonak egin beharko ditugu etorkizun oparo eta justu bat xede badugu.

Erruz entzun dugu berotegi gasen emisioak jaitsi behar direla, jarduera batzuen kontsumo material eta energetikoa txikitu beharra dagoela... Inori ez dio ihes egiten autoaren erabilera ere murriztu beharko dela, konbustio motorduna zein elektrikoa izan, duten material eta energia kontsumoaren ondorioz.

Testuinguru honetan planteatzen dute Bizkaiko Aldunditik autoentzako itsasadar azpiko errepide berri hau, Artazatik Portugaletera. Klima larrialdi betean ulergaitza da garraio pribatua bultzatuko duen obra hau justifikatzea eta berriki argitaratu den Ingurumen-inpaktuaren adierazpena irakurrita are gutxiago.

Txosten horrek jasotzen dituen alderdi larrienen artean dago onartzen dutela trafikoaren hazkundea emango dela. Aurreikusi zitekeen kontua bazen ere kuantifikatu dute: 2048rako 2019ko trafikoa %33 handituz.

Hori gutxi ez balitz, gaur egun ez dago bermatuta obra hau amaitzean garraio-publiko bidezko lotura egongo denik. Gainera, mugikortasun planifikazio integrala egiteko beharra azpimarratzen du Bilbo Metropolitarraren inguruan, hau, behar den sakontasunarekin egin ez dela aitortzen duelako.

Funtsean, onartzen digute garraio pribatua bultzatuko dutela, zarata maila igoko dela, mugikortasun plan integralaren falta dagoela, baina hala ere klima aldaketaren aurkako helburuekin bat egiten duen proiektutzat daukate.

Horregatik, gure eskualdean krisi ekosoziala hobeto uler daiteke lurzoruaren erabilerari eta eraikuntza sektorearen espekulazioari arreta jarriz, etengabe termometroari begira egonez baino: Lur emankorrenak luxuzko-etxebizitzetara bideratu dira, etxebizitza barreiatuak ugaritu, lehen sektorearen hondoratzea, alokairuen prezio izugarriak....

Eraldaketa horiek lo-hiri bihurtu dituzte gure udalerriak; herritarrak gure lantokiaren kokapenak baldintzatuta behartuak gara egunero lanera autoz joatera, maiz pertsona bakarrarekin bidaiatzen. Egun hedatua dagoen aisialdia ereduak ere autoaren hautua sustatu eta normaltzen du (zinema, gimnasioak...).  Hurbil egon beharko lukeena urrundu digute.

Lo-hiriak, kontsumo energetiko handi bati lotutako lurralde-antolaketa ereduak dira. Hain zuzen ere eredu horretan sakonduko du egitasmo honek, Uribe Kostako eraikuntza planekin jarraitu ahal izateko behar baitute azpiegitura hau sustatu; matrikulatuko diren auto berri guzti horiei irteera emateko Avanzada kolapsatu gabe.

Pentsatzen jarri naiz errepideak hobetzeko egin den obra bakoitzagatik ia zenbat hobekuntza egin diren garraio publikoa hobetzeko: Avanzadako obrak, Txorierriko lotunea, Errontegiko obrak, Unbeko errepidearen zabalpena... Bien bitartean, Uribe kosta Txorierrirekin denbora onargarri batean lotuko duen garraio-publikorik ez dago. Uribe Kosta Ezkerraldearekin duen metro lotura ere ez da errazena. Metroa aireportuarekin lotzen duen linearik ere ez.

Egitasmo honek aurrean ditugun erronkei aurre egiteko balioko digu edo petrolio oparotasunaren garaiko ilusioarekin egindako beste azpiegitura faraoniko bat besterik ez da izango? Ez al da momentua planifikazio sakon eta parte-hartzaile bat bideratzeko interes orokorren alde? Aurrekoan Larrun aldizkarian Ander Irazustari irakurri nion: “kalea ez genuela proiektatu behar ikusten genuen trafikoaren arabera, ikusi nahi dugun trafikoaren arabera baizik.” Goazen horretara.