IRITZIAK

Gutxitua nahi dute euskara

Nerea Guijarrubia Garzia | 2023-10-20 13:54:00

Euskararen aurka aritu ziren, ari dira eta... azken hilabeteotako epaiek hori baino ez dute adierazten. Hizkuntza gutxitua nahi dute euskara, bigarren edota hirugarren mailakoa, soinu polita duena baina ez diona inori trabarik egiten lanpostu publikoa erdiesteko. Kutsu erromantikoa duena baina funtzionaltasun handirik gabe, ez dezagun pentsa Euskal Herrian euskaraz bizi gaitezkeenik.

Oraingoan udal-legetik eratorritako dekretuak izan ditu jopuntuan ezaguna dugun eskuin-muturreko alderdi faxistak (izenda dezagun egoki izana).  Bazterketa ei da euskarari lehentasunezko tratamendua ematea. Antza,  soziolinguistikan eta hizkuntza gutxituen tratamenduan sasi-adituak ditugu alderdi espainiarrean, baita botere judizialean ere. Hala, 79ko estatutuan jasotako euskararen ofizialtasuna ilusio hutsa baino ez da euskaldunontzat, baita ondoren heldutako lege eta dekretu guztiak ere. Ez baitira izan kapaz eraso horiei guztiei balazta jartzeko.

Oraingoan, aipatu alderdia izan da baina, badira sindikatu, talde eta norbanako euskararen normalizazioaren aurka etengabe ari direnak, euskara gutxitua, baztertua, desio dutenak. Euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketa lege egitea desioko luketenak. 

Begirune kontua baino ez da, hizkuntza bati, hiztunei, herri bati.

Polarizazioak ez dio inoiz elkarbizitza ekarriko jendarte bati, baina begirune ezak ere ez.

Eta hizkuntza gutxitu baten hiztunok ez gara errespetatuak izaten ari. Besteak beste, ez dugunean bermatuta euskararen erabilera eremu publiko guztietan, gure hizkuntza normalizatzeko urratsak  administrazio guztietatik ez direnean egiten, herritarrak euskalduntzea ezinezkoa egiten duten hezkuntza ereduak betikotzen direnean, lanpostu publikoak hizkuntza eskakizunen derrigortasun datarik gabe sortzen direnean edota elebitasunaren izenean haur euskaldunari gaztelaniaz egiten dionean Udal-kiroldegiko igeriketa begiraleak edota Udal Musika Eskolako irakasleak.

Horietan eta beste hamaika egoeratan errespeturik gabe tratatzen gaituzte. Eta ez errepetatzea erasotzea da. Ez du balio “ez daukat ezer euskararen kontra” esateak, jarraian eraso diren erabaki politiko zein judizialak sustatzen eta babesten badituzu.

Hizkuntza gutxitu batek biziberritze plan integrala behar du, biziraungo badu. Espazio publiko guztietatik hasita eremu pribatu eta pertsonal guztietara hedatu arte. Jendartean estatusa aitortu, eta legediarekin batera haren aldeko jarrera eta eguneroko praktika sustatzea. Urrun gabiltzalakoan nago. Esan barik doa, soziolinguistikari buruz hitz egiteko, gutxieneko jakintza ezinbestekoa dela (fisika kuantikoari buruz hitz egiteko, haren gutxieneko nozioak jakitea beharrezkoa den bezala).

Ez duenak euskara normalizatua nahi, gutxitua izatea nahi du, eta horretarako erasotzea du bide. Hizkuntza bat, kultura bat, nazio bat... banagaitzak baitira hitzok.

Zalantza izpirik gabe, batzuek gutxitua nahi dute euskara, gure nazioa ahul nahi duten bezala. Baina nahikoa dugu: Euskal Herrian bizi garen euskal herritarrak gara, euskaraz egiteko hautua egin eta eskubidea daukagunak, eta azaroaren 4an Bilboko kaleetan hori aldarrikatuko dugu.