Alarma egoera ezarrita bizi izan ditugu azken hilabeteak. Alarma egoera, baina, osasun gaitzetik haratago iritsi da. Gazteon problematiken aferaz arituko naiz berriro oraingoan, larria baitzen lehen gazteon prekarizazio maila, eta larriago bihurtu baita azken boladan.
Esana dugu hamaika aldiz lan prekarizatuetan esplotatuak izatera, lanaldi bezala aitortuak ez diren lanak egitera, astean hiru lan ezberdin izatera ohituak garela jada gazteok. Eta hala ere denbora eta baliabiderik ez dugula ia bizi proiektu duin bat garatzeko. Bizi proiektu duin bat, gainera, non eraikiko du bada gazte batek Getxon?
Getxoko alokairua EAEko garestienetakoa dela diote datuek, bataz besteko prezioa 847€-koa delarik. Hau ikusita, zein leku dauka orduan etxebizitza eskubideak gure herrian? Eta gaiari helduz, gazteon bizitzetan? Kalkulu matematiko handirik egin gabe erreparatu ahal zaio gazteon soldataren eta alokairuaren batazbestekoaren artean dagoen amildegi izugarriari.
Honi erantzuteko, etxebizitzaren auziari loturiko dinamika abiatu du Algortako Ernaik azken astean, gazteon artean bizi dugun etxebizitzaren problematika sozializatzeko aldarrikapen zerrenda bat mahai gainean jarriz. Aldarrikapenen artean Getxon jenderik bizi ez den 1028 etxebizitza daudela salatu du, eta hauetatik 902 “etxebizitza kudeagarriak” direla. Gainera, Getxoko Udalak azken bi urteetan eman ez dituen gazteontzako emantzipazio dirulaguntzak exigitu ditu, baita arazoari irtenbidea emateko bermeak eskatu ere.
Datuek erakusten dute, gazteok garesti ordaintzen dugu etxebizitza eskubidea gure herrian. Bada, has gaitezen arazo honi buruz hitz egiten eta gure beharrak eta aldarrikapenak mahaigaineratzen. Ekin diezaiogun gaurdanik aldarrikapen zehatzen eta alternatiba errealen gainean etxebizitza eskubidea borrokatzeari.