IRITZIAK

Getxo salgai dago, Getxok salgai jarraitzen du.

Nerea Guijarrubia Garzia | 2024-07-23 08:20:00

2001eko HAPOak (eta aurreko hirigintza politikek) ekarritako arazo guztiei aurre egiteko aukera galdu du EAJk eta PSEk osatutako udal-gobernuak. Izan ere, HAPO honek errezeta zaharra du ardatz, eraikuntza masiboan oinarritutako plana da: zonalde berdeak suntsitzea, hiriguneko lurzoruetan (ia bakarrik) etxebizitza libreak eraikitzea, eta etxe enblematikoak eraistea, besteak beste, jasotzen ditu haren orriotan.

Errezeta zaharraren osagai horiek guztiek ekarri gaituzte egungo eszenatokira. 

Urteetan, udal-gobernuak gauzatutako hirigintza eta etxebizitza politikek eragin dute gazteen (eta ez hain gazteen) exodoa ondoko herrietara, ordaindu dezaketen etxebizitza duina eskuratzeko.

Etxebizitza soziala helburu ez duen udal-administrazioak ahalbidetu du espekulazioa jaun eta jabe izatea Getxoko etxebizitza merkatuan. Erostea zaila bada, alokatzea ere, ez da samurragoa. Ez behintzat, prezio eta baldintza duinetan. Baina hori gutxi ez balitz bezala, azken urteotan, turismora bideratutako etxebizitzen (kontrol gabeko) hedatzearekin batera, espekulazioa areagotu baino ez da egin; hala, gazteen (eta ez hain gazteen) (etxe)bizitza proiektua deserria da.

Ez gara inozoak, jakin badakigu etxebizitza arazoa egiturazkoa dela, udalerriz gaindiko arazoa ere badela. Baina ez dezagun ahaztu tokian tokiko udal-administrazioak aukera daukala arazoa apaltzeko, zuzentzeko, neurriak hartzeko, herriari begirako etxebizitza plan integrala sortu eta abiatzeko.

Udal honek, ordea, egiturazko arazo hori larriagotzeko eta betikotzeko hautua egin du azken 30 urteotan (ez bada gehiago).

2000tik 2012ra urte bitartean 1656 etxebizitza eraiki ziren; horietatik 1262 etxebizitza libreak izan ziren, babestuak 394 ziren. Azken horietan, tasatuak eta erosketa erregimenekoak zeuden; beraz, alokairuzko erregimenean bat ere ez.

Politika horiek, ez beste ezerk, kokatzen gaituzte gaurko eszenatoki lazgarrian.

Hala,  erraz ondorioztatzen dugu eraikuntza masiboak ez diela herritarrei, inoiz, etxebizitza eskubidea bermatuko, baizik eta, kontrakoa, ukatuko diela. Agintarien benetako ardura etxebizitza arazoa izango balitz, bestelako politikak proposatuko lituzkete eraikuntza masibotik harago.

Adibidez, une honetan dauden etxebizitza babestuak parke publikoan finkatzeko hautua egingo zuten, eta, ez utzi, urte batzuen ondoren, ondasun publiko horiek esku pribatuetara igarotzen. Izan ere, etxebizitza publikoak funtzio soziala betetzeko eraikitzen dira, eta Getxok etxebizitza parke publiko sendoa behar du; alde batetik, merkatuaren logikari balazta jartzeko; beste alde batetik, oraingo gazteak emantzipatu daitezen, baina baita 20 urte barru izango diren gazteak ere emantzipatu daitezen, eta  2060ko gazteak ere emantzipatu daitezen…

Horretarako, etxebizitzen funtzio publikoa bermatzeko,  ezinbestekoa da udal-administrazioaren esku egotea parke publikoa. Plan berrian, aldiz, etxebizitza asko erosketara bideratuta dago, horrek dakartzan ondorioekin.

Epe labur, ertaineko eta luzeagoko begirada izan behar du HAPOak. Eta horretarako, arkitektura administratiboa, eta behar beste baliabideak behar ditu Getxok, etxebizitza kudeatzeko erakunde bat, hain zuzen ere.

HAPO berriak herriguneetan (eremu urbanoan) 1353 etxebizitza  eraikitzea aurreikusten du, nahiz eta horien 492 etxebizitzek ez duten konputatzen etxebizitza gisa, zuzkidura jarduketa bidez eraikiko dituzte-eta. Bada, 1353 etxebizitza horietatik 1005 etxebizitza libre eraikiko dituzten gure hirigune eta auzoguneetan. Babestuak salmentarako 125 izango dira, eta alokairurako 164 eta tasatuak 59. Gaur egun, etxebizitza legeak zehazten duen gutxienekoa beteko da, ez besterik.

Hori bai, bolo-bolo iragarri dituzten gainerako etxebizitza babestuak gure herriko berdeguneetan eraikiko dituzte. 2001eko planak Andra Mariren eraikuntza masiboa proposatzen bazuen, plan honek Andra Mari, partzialki, zementuz betetzea proposatzen du. Baina kasu honetan, hor kokatzen ditu etxebizitza babestu ia denak: 1891 etxebizitza.  Ez al da hori 2001eko plana gauzatzeko lehen urratsa egitea?

Antza, arduradun politikoek pentsatuko dute etxebizitzaren eskubide subjektiboa exijitzen dugunok ingurumenaren suntsiketa baimenduko dugula, baina, berriz ere, oker dabiltza. 2001eko planak jasotzen zuen Andra Mariko eraikuntza masiboa  2006an behin-behinean gelditzea lortu zuen herriak, milaka eta milaka herritarren mobilizazioaren eta konfrontazioari esker. Eta sugar hori ez da amatatu. Izan ere, badira beste bide batzuk herri honetako berdegune eskasak errespetatu eta etxebizitza eskubideari bide emateko.  Besteak beste, herriguneetan eraikitzen den gehiena babestua izatea. Baina eraikitzetik haragoko hamaika neurri har daitezke, etxebizitza eskubidea bermatu aldera. Horretarako baina plan oso bat behar da, ez adabakirik.

HAPOak ez ditu ingurumen jasangarriaren  oinarrizko printzipioak betetzen; ez mugikortasun ikuspegitik, ezta auzogune bizigarrien ikuspegitik ere. Horrez gain, ez du herriko ondarea babesteko katalagoa handituko. Hala, herriko etxe adierazgarri ugarik eraisteko arriskuan daude, inolako babesik gabe.

Bestalde, jakin badakigu Alderdi Popularraren laguntzarekin onartuko dutela HAPOa, eta bidesaria getxoztar guztiok ordainduko dugu: luxuzko beste hotel bat, dirudunentzako luxuzko etxebizitzak Sener enpresaren lursailean, Galean… “pelotazo urbanistikoa” deiturikoaren hatsa lau haizetara zabaldu da udalerrian.

Ezin dugu ahaztu edukia bezain salagarria dela HAPOa berrikusteko egindako prozesu zitala. 2013tik berrikuspena hasi zen eta prozesu luzea bezain iluna izan da, herritarrak nekatzeko asmoz-edo. Prozesuak ez du ia komunikazioa sustatu, eta herritarren oposizioa agerikoa izan da bilera informatiboetan.

Alkatearen diskurtso eta praktikaren arteko amildegia nabarmena da; "Esan gezur bat mila aldiz, errepikatu hitzez hitz, handik gutxira ikusi egia bihurtzen" abestiaren leloa ofizio bihurtu du Agirre alkateak etxebizitzari buruz hitz egiten duen bakoitzean.

Ezinbestean, herri-ereduaren eraldaketa aldarrikatzen dugunok, gezur horri aurre egiteko, gertatutakoak eta errealitate gordina ditugu argudio. Badakigu gezurrari egiarekin erantzun behar diogula, zintzotasunez eta arrazoiz. Eta horretarako, historiak eta hainbat istoriok irakatsi diguten legez, antolakuntza, mobilizazioa eta borroka baino ez zaizkigu geratzen. HAPO honi ez!