IRITZIAK

Ez da ikasten

Arantza Gutierrez Paz | 2024-11-04 12:17:00

Azken egunetan Pais Valenciá-ri begira gaude, Danak ekarritako uholdeek egindako triskantza eta eragindako hildakoak direla eta.

Metereologo eta adituen ohartarazi arren, alarma berandu aktibatu zen. Beranduegi. Eta horrek areagotu du tragedia. Administrazioen eraginkortasun ezari, gainera, enpresarien zikozkeria gehitu behar diogu, eta horrek ekarri ditu pertsona askok bizia galtzea…

Getxon ere bizi izan genuen horrelako egoera bat, zorionez hildakorik gabe; 2008ko uholdeetan, alerta oso berandu heldu zen, eta pertsona batzuk hiltzeko zorian egon ziren garajeetan, non xukatze-sistemak ez zebiltzaten, ekaitzaren ondorioz elektrizitaterik ez zegoelako… Kalteak ugariak izan ziren, eta familia askok ia dena galdu zuten.

Alerta garaiz heltzeak bizitzak salba ditzake, baina ez etxeak, ondasunak, bizitza bateko oroimenak… Horiek salbatzeko hirigintza arduratsua behar da, uholde-zonaldeetatik kanpo; urak beti bilatzen baitu bere bidea. Ildo horretan, Getxoko Udalak inposatu nahi duen HAPOn mantentzen dira eraikinak uholde-zonaldeetan; are okerrago, presio urbanistikoa handitzen da eremu horietan. Arazoa larriagoa da, kontuan hartuta azken urteotan ibaian gora ere urbanizazioak ugaritu baitira.

Azken urteotan, segurtasun faltsuaren sentsazioa zabaldu bada ere, Udalak, Aldundiak eta Jaurlaritzak badakite edozein momentutan 2008ko egoera bizi daitekeela Gobelako ubidean; izan ere, azken urteetan errekak abisuak eman ditu eta urduritasun-uneak bizi izan dira Larrañazubin, Zubilleta eta Fadura inguruan. Bitartean udal administrazioak erabili du auzokide batzuen eskaera, arazoari ez heldu eta irtenbidea ez emateko. Ez HAPO idatzi duen taldea ezta arduradun politikoak ere ez dira kaltetuekin bildu, ezta egin dituzten alegazio edo eskaerei erantzun ere.

Klima-aldaketak ekarriko ditu muturreko gertaerak. Ezin jakin noiz edo nola, baina bai aurreikusi ahal da non eragingo duten, baita nola ekidin ere. Zoritxarrez, ez da ikasten, eta interes ekonomikoek markatzen dute hirigintza, herritarren behar orokorra baino.