Egoera politiko zail batean sortu ginen, ezker abertzalea legalizazio/ilegalizazio zurrunbiloan mantentzen zuten Estatuko indar politiko-judizialek. Milaka herritarren eskubide demokratikoen urraketa horren aurrean, ezkerreko indar subiranistek urrats ausarta, eskuzabala, ematea erabaki zuten, norberaren alderdiaren aurretik Euskal Herriaren oraina eta geroa lehenetsiz.
Hasierako garai haietatik gaur arte lana ez da erraza izan. Tradizio desberdinetatik gentozenok, alderdi disziplinetatik harago koalizio moduan lan egiten ikasi behar izan dugu, bakoitzaren jatorriari errespetuz baina sortutako koalizio berriaren eraginkortasuna helburu nagusi izanda. Konplizitate berriak ehundu behar izan ditugu, pertsonalak eta politikoak, erakundeetan talde gisa jokatzen ikasi, kale mailan ere diskurtso propioa eraiki eta zabaldu… Halere pozik egon gaitezke emaitzekin.
EH Bildu formulak funtzionatu baitu. Erakundeetako eguneroko lanean argi utzi dugu gure ikuspegi aurrerakoi eta subiranista, ondo kudeatzeko gai garela erakutsi dugu, edota oposiziotik eraginkorki jarduteko ere; baina ahaztu gabe kudeaketaz harago gure jarduketa instituzionalak eraldatzaile izan behar duela, beste gizarte eredu bat posible dela sinetsiz eta sinestaraziz, norabide horretan urratsak emanez.
EH Bilduk 10 urte hauetan sinesgarritasuna eta prestigioa lortu du herritarren artean. Lehenengo hamarraldia gaindituta, nota altuarekin gainera.
Eta hurrengo 10 urteetarako zer? Nik EH Bildu sendoago bat irudikatzen dut, barne mailan kohesionatuagoa, eta herritarren artean babes gero eta zabalagoa lortuko duena. Eta horren isla erakundeetan presentzia geroz eta handiagoa, hainbat kasutan gobernu ardura gehiago geure gain hartuz, beste batzuetan oposizio baldintzatzaile izateko gure aukerak sendotuz.
Argi dago gurea bezalako herri batean, Getxoko errealitate sozio-politikoa ezagututa, gobernura iristearen aukera hori ez dugula epe labur-ertainean oso egingarri ikusten, baina hala ere asmo handiko helburuak izan behar ditugu geuk ere, horixe baietz!! Oposizioko indar nagusia izan behar dugu, orain baino indartsuagoa, bai zinegotzi kopuruan baita kale mailako ekimenen eta erantzunetan ere, bertoko udal gobernuaren praktika eta erabakiak ahalik eta gehien baldintzatzeko. Parte hartzea, etxebizitza, zaintza, ingurumena, kultura, euskara,… gai inportanteegiak dira euren esku uzteko.
EH Bilduk erronka handiak dauzka datorkigun hamarraldian ere, presta gaitezen eta lan egin dezagun euskal gizartean justizia soziala eta burujabetzaren aldeko indar korrelazioa hobetzen joateko. Horrela, pixkanaka akordio zabalak lortzeko oinarriak jarriz joango gara, unea iritsita herri gisa modu antolatu batean Euskal Herriaren etorkizuna lehenetsi eta Estatuarekiko konfrontazio demokratikorako bideari ekiteko.
Badugu zer egina, eta merezi du, ekin diezaiogun lanari ilusioz eta indarrez!!