Baina azken hilabeteotan plan horrek jasoko dituen zehaztasun batzuk ezagutu ditugu prentsa bidez. Adibidez, jakin izan dugu Salsidu-Zubilleta ingurunean kirugia egingo dutela, eta orain uholde-eremuan dauden etxeak kentzeko asmoa duela Udalak, eta Gobela errekari zor zaion lekua utzi. Ez litzateke albiste txarra, ez balitz hori egin dela bertako biztanleei bizkarra emanda, eta bulego batean marraztutako lerro eta planoek ez dituztela pertsonak kontuan izan, eta zalantza, kezka, izuak baino ez dituela sortu. Baina ez da lehenengo aldia.
Javier Madrazo Etxebizitzako sailburua zela, egon zen Salsidu-Zubilleta ingururako urbanizazio proiektu basatia, etxebizitza asko aurreikusten zituena. Orduan ere ez zen auzokoen nahiak kontuan hartzen, eta herritarren erantzuna nabaria izan zen. Inposaketaren aurrean bertako jabeek haien proposamena lantzea erabaki zuten, horrek izan zuen koste ekonomikoa altua izan bazen ere; hurrengo urteetan hainbat plan aurkeztu zuten, bertan dauden etxebizitza asko mantendu arren, hiri-hedapena baimentzen zuena eta, ondorioz, etxebizitza-parkea handitzea. Udaletxean oztopoak baino ez zuten topatu, eta proposamenaren bertsioak bat bestearen atzean batzertu zituzten udal hirigintzatik. 2008ko uholdeen ondoren, proiektu horietan ere Gobela ondoan dagoen etxebizitza-multzoetako biztanleentzako irtenbidea bilatzen saiatu zen.
Bitartean, Gobelan hainbat ekintza egin dira, uholdeen arriskua murrizteko -tamalez ez guztiz ezabatzeko- aurreikusitako aktuazioa burutu ez bazen ere. Aurreko alkateak hartutako konpromisoari jarraiki, ibilgua ere zaindu zen, eta garbitzen zen, noren eskumena zen eztabaidatik haratago... Baina, uraren mehatxuaren amets gaiztoa ahazten joan ziren agintariak -ez bertako biztanleak-, eta berriz ere postalaren Getxon ez zuen lekurik auzoak. Itxasoari begira eta Gobelari bizkarra emanez, melanomanoen kultura, turismoa eta “wellness” eskaintzen dituen herria bihurtu nahi duten horretan, kirugia egin beharra dago, baina ez bertako auzotarren lasaitunerako edo bizi-kalitatea hobetzeko. Ez. Etxe gehiago eraiki ahal izateko, baizik, eta Getxo-Berango hormigoizko continuum bat osatu ahal izateko
Eta, printzipioz, auzotar batzuek begi onez ikusten badugu Gobelari zor zaiona ematea eta Salsidu-Zubilletako etxeak bota eta biztanleak beste nonbaitera eramatea, susmoa dugu, hori etorkizuneko interes espekulatzaileen eskuetan geratuko dela proiektua, etxe-promotora baten interesen menpe. Bitartean, auzotar batzuek zorpetu dira etxeak irisgarriagoak, energetikoki efikazagoak eta atseginagoak izan daitezen, jakin barik ea inbertitutako diru hori eraitsiko den etxeekin batera. Beste batzuek, ordea, ez dakite zer egin, ez baitakite etxadiren gainean dagoen Damocles-en ezpata noiz eroriko den... Familia handitzen bada, etxe handiagoa behar izanez gero, saldu ahalko dute, nola?, jendeak baldin badaki botako dutela? Uholdeak errepikatzen badira, haien etxeetara itzuliko dira? Udal agintariek esan omen die batzuei lasai egoteko, epe-luzerako aurreikuspena dela HAPOrena. Ez dela hurrengo urteetan gauzatuko. Eta horrela bada, bitartean, udalak zonaldea zainduko du, edo, azken urteotan ikusten ari garen bezala, erdoiltzen utziko du, ea etxeak berez erortzen diren..., eta haiekin molestoa zaion antipostaleko auzoa?
Auzokoekin hitz egin ahal zuten aurretik, proiektatuta zegoena kontrastatu -herritarrek erantzukizuna eta elkarlanerako prestutasuna frogatu zuten Uholdeen Batzordean-. Berandu bada ere, espero dugu, herritarren erakusketa publikoaz haratago, orain kontsulta egin dezaten, Getxoztarron ahotsa entzun dezaten, baita baztertutako auzoetan bizi dutenena ere. Hala ere, ez dut konfiantza handirik.