IRITZIAK

Berriro gerta ez dadin, etxera!

Paul Laka | 2023-03-17 13:59:00

Duela hamar urte, salbuespenezko espetxe politikaren ondorioz hil zen Angel Figueroa Algortako presoa. Garai bertsuan, baina 1997an, bere amama Antonia Hernandez dispertsio politikak eraginda hil zen.

Ez dira bakarrak izan, orotara 36 euskal preso politikok eta 16 senidek galdu dute bizitza antzeko egoeretan, eta bi pertsonek bere buruaz beste egin dute kartzela ekiditeko. Soilik azken hamabi urteetan 13 izan dira bizitza galdu duten euskal presoak.

 

Heriotza guzti hauek ekidin zitezkeen. Lortu dugu dispertsio politikarekin amaitzea, eta honek bermatzen du Antoniaren kasua berriro ere ez errepikatzea. Baina salbuespenezko espetxe politikak bere horretan jarraitzen du. Angelen kasua ez errepikatzeko bermerik ez dago egun. Preso, iheslari eta deportatuak etxera ekarri ezean, ez da egongo.

 

Dispertsio politikaren amaiera askotariko sektore eta eragileen lanak ahalbidetu du, erreferentzia konpartitu argiekin eta etenik gabeko mobilizazio sozialarekin batera. Itzelezko sormen ariketa kolektiboa izan den mobilizazio zikloa, ekarpen maila guztiak barnebiltzeko gai izan dena. Ezin ekimen guztiak lerro hauetara ekarri, zerrenda amaigabea litzateke: kirol esparruan, kulturalean edota sindikalean; gazte mugimenduan zein mugimendu feministan; eremu juridikoan, instituzionalean; espetxeetan... Eta azken geltokia den guztien etxeratzea ere, filosofia berdinak gidatutako lanak ahalbidetuko du.

 

Garaipen ukaezina da dispertsio politikaren amaiera, konplexurik gabe ospatu beharrekoa. Pozgarria da, oso, lehen graduak eta isolamendua iraganean utzi izana, edota geroz eta preso gutxiago egotea. Baimenek, 3. graduek eta baldintzapeko askatasunek ziklo berri baten aurrean gaudela ikustarazten digute, moldatu beharreko egoera berri baten aurrean. Denon ardura da, lortutakoaren kontzientzia hartu eta erreferentzia solidoak eraikitzea, zailtasun berriei aurre eginez etsi gabe. Orain arteko adostasun mailari eutsi eta mobilizazio ziklo oso bat zabaltzeko ordua da, berandu baino lehen denak etxean izateko. Bake justu eta iraunkor bat bermatzeko. Berriro gerta ez dadin.