2025eko otsailaren 27an, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) sortu zeneko 49. urteurrena ospatzen da. Urteurren hau itxaropen eta erronka berrituekin dator autodeterminaziorako eta independentziarako eskubide besterenezinaren alde borrokan jarraitzen duen saharar herriarentzako.
1976az geroztik, RASD erresistentzia- eta duintasun-ikurra izan da okupazioaren eta erbestearen aurrean. Ia mende erdi geroago, saharar herriak erronka larriei aurre egiten jarraitzen du, besteak beste, bere lurraldearen legez kanpoko okupazioari, eremu okupatuetako giza eskubideen errepresioari eta baldintza prekarioetan kanpamenduetan errefuxiatutako milaka pertsonaren egoerari.
Azken urtean, ordea, saharar herriak garaipen historikoa lortu du Europako auzitegietan, Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak sahararren baimenik gabe (bere ordezkari Fronte Polisarioaren bitartez) ustiatzea legez kanpokoa dela berretsi baitzuten.
Epai hori ez da legezko garaipena soilik, Marokok egindako espoliazio sistematikoaren aurrean justiziarako urrats erabakigarria ere bada, energia berriztagarriko eta jasangarritasuneko proiektuak sustatzen baititu, hala nola parke eoliko eta eguzki-plaken orube handiak eraikitzea Mendebaldeko Saharan, klima-konpromisoaren adibide gisa aurkeztuz. Hori guztia saharar herriaren baimenik gabe. Krisi klimatiko globalak neurriz kanpo eragiten die populazio ahulenei, horien artean saharar herriari. Saharar errefuxiatuek muturreko tenperaturei, ur eta baliabide eskasiari aurre egin behar diete Tindufeko kanpalekuetan; lurralde okupatuetan Marokok "Greenwashing" edo “zuriketa berdea” egiten duen bitartean, ingurumena eta saharar herriaren eskubideak kaltetzen dituzten erauzketa- eta harrapari-praktikak makillatzen saiatzen delarik.
Fronte Polisarioaren jarrera irmoa txalotzen dugu NBEko Idazkari Nagusiaren Mandatari Pertsonalaren, Staffan de Misturaren, lurraldea zatitzeko proposamena errefusatu duelako. Mendebaldeko Sahara zatitzeak nazioarteko zuzenbidea urratzeaz gain, bateraezina da saharar herriaren autodeterminazioaren eta subiranotasunaren printzipioekin.
Saharako gazteak eragile estrategiko bihurtu dira gatazkan, ekimen sozial, kultural eta politikoak gidatuz eta erresistentzia bizirik mantenduz ezbehar handiko testuinguru batean. Sormena, erresilientzia eta determinazioa funtsezkoak dira askatasunean eta justizian oinarritutako etorkizuna eraikitzeko, eta azpimarratzekoa da elkartrukerako, ahalduntzeko eta lidergoan, giza eskubideetan eta iraunkortasunean prestatzeko ekimenak sustatzearen garrantzia.
Honegatik guztiagatik, honako mozio-proposamena aurkezten diogu Getxoko osoko bilkurari:
− Berrestea Fronte Polisarioa saharar herriaren ordezkari legitimoa eta bakarra dela, NBEk eta nazioarteko komunitateak halakotzat aitortua.
− Salatzea marokoarrek Mendebaldeko Saharan duten presentzia legez kanpokoa dela eta nazioarteko arauak urratzen dituen okupazioa dela, eta Maroko dela lurralde okupatuan giza eskubideen urraketa larrien erantzule zuzena.
− Eskatzea preso politiko saharar guztiak berehala aska ditzatela eta giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurkako jazarpena eta torturak bertan behera utz ditzatela.
− Salatzea Marokoko erregimenak dituen «greenwashing» estrategiak eta ingurumen-proiektuak legez kanpoko okupazioa sendotzeko tresna gisa erabiltzea, ingurumenaren eta saharar herriaren eskubideen kontura.
− Berrestea sahararrentzat bidezko konponbidea ez dela soilik justizia historikoko ekintza bat, baizik eta funtsezko ekarpena Afrikako iparraldeko eskualdean egonkortasuna eta bakea lortzeko.
− Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan dauden familia sahararrekiko gure elkartasuna adieraztea, bai eta lurralde okupatuetan daudenekiko ere, eta eskerrak ematen dizkiegu saharar herriaren askatasunaren alde era nekaezinean lan egiten duten elkarteei eta kolektiboei.