AKTUALITATEA


| 2024-04-23 08:09:00

Gure herriko ondare historikoarekin lotutako mozio-proposamena eramango du EH Bilduk apirileko osoko bilkurara. Azken urteetan hainbat proposamen aurkeztu ditu gai honekin lotuta, zoritxarrez, Getxoko Udalaren jarrerak bere horretan jarraitzen duelako: gure udalerriko eraikin historikoak edo arkitektonikoki bereziak diren eraikinak babestu beharrean, euren eraistea ahalbidetzen duelako.

Martxoko batzordeetan EH Bilduk galdetu zuen Getxoko malakateen egoerari buruz eta hauek Bilboko Udalarenak zirela erantzun zuten. Hala ere, Getxoko ondarearen katalogoan malakateak lehen mailako babes berezia daukate eta Eusko Jaurlaritzaren izendapenaren arabera monumentu multzoa da.

Tamalez, malakateen gaur egungo egoera oso kezkagarria da. Maidagan plazakoa eta Gabriel Ramos Uranga kalekoa izan ezik, beste hirurak sastrakez beteta daude eta hondatzen ari dira.

Eraikin erlijiosoak eta jauregiak ez ezik, arkitektura industriala eta haren inguruan sortutakoak ere babestu behar dira. Gure herriko historia eta nortasuna bizirik mantentzeko, bereziak diren eraikinak zaharberritu eta zaindu behar dira.

Egoera honi behin-behineko konponbidea emateko asmoz, eta ondareak gure herrian bizi duen arrisku larria ikusita, honako akordio-proposamena egiten dio EH Bilduk Getxoko osoko bilkurari:

1. Getxoko udala Bilboko udalarekin hitzarmen bat sinatuko du malakateen mantenua bermatzeko.

2. Getxoko udalak konpromisoa hartzen du malakateak balioan jartzeko eta bere historia kontatzeko egitasmoren bat abiatuz.