Artaza eta Ballonti ibai azpiko tunel batekin lotzeko asmoa du Foru Aldundiak, eta horrek kezka sortu du Artaza inguruan bizi diren auzokideen artean, bai Getxon bai Leioan. Proiektua erredakzio fasean dago orain, eta bertan onartzen dutenez, hainbat eragin kaltegarri izan ditzake: Artaza parkearen eta Artaza-Romo Institutuko patioaren zati baten txikizioa; zarata eta kotxeen joan-etorria handitzea; gaur egungo oinezkoentzako pasabideak desagertzea eta abar.
EH Bildutik ere oso kezkatuta gaude proiektu honek gure udalerrian izan dezakeen ondorioengatik. Tunela Supersurraren bigarren fasearekin lotuta dago (beharrezkoa ez den beste azpiegitura bat), eta auto pribatuaren aldeko apustua egiten du ezbairik gabe. Tunelak 400 milioi euroko aurrekontua izango du (gainkostuak kontuan hartu barik, noski). Gure ustez, mugikortasunean beste lehentasun batzuk ditugu, adibidez, Getxo osoan metroaren ibilbidea lurperatzeko lehenengo urratsak ematea, garraio publikoa indartzea (Parke Teknologikoarekin loturak, aireportua, Leioako kanpusa...). Presioa egiten jarraituko dugu.