AKTUALITATEA


| 2024-07-02 11:15:00

Gasteizko Udalak Alde Zaharreko eta Zabalguneko merkataritza-lokalak dinamizatzeko laguntza-lerro berri bat abiatu du. Pertsona ekintzaileei merkataritza-lokal batean sartzen laguntzeko deialdia da, eta hiriaren erdigunean urteetan eman diren merkataritza-itxierekin amaitzea eta egoera iraultzea du helburu. Programa honek eskuragarri dauden merkataritza-lokal hutsak jardueraz bete daitezela sustatzea aurreikusten du, 12 hilabetez lokalaren errentamendu-gastuen %50 diruz lagunduz, hileko 500€-ko gehieneko dirulaguntzarekin.

 

Hala, datozen egunetan plazaratuko den deialdiak aurre egingo dio Gasteizen merkataritza-jarduerak izan duen establezimendu kopuruaren etengabeko jaitsierari. Lokal hutsen irudi horrek, gainera, eragina du inguruko merkataritza-erakargarritasunean eta erosketa-esperientzian, eta lokal gehiagoren itxiera eragiten du. Zehazkiago, azken hamarkadan %20 baino gehiago murriztu da irekitako merkataritza-establezimenduen kopurua. Are gehiago, Vitoria-Gasteizko Merkataritza eta Ostalaritzako 2023-2026 Plan Estrategikoak berak puntu kritikotzat jotzen du "merkataritza-jardueraren etengabeko galera establezimenduen kopuruari dagokionez, bai eta belaunaldi-erreleborik eza ere". Horrekin guztiarekin, laguntzen deialdi berriak Alde Zaharreko eta Zabalguneko auzoetan ardaztuko du bere ahalegina, azken urteetan irekitako merkataritza-lokalen galerarik handiena biltzen duten eremuak baitira.

200.000 euroko aurrekontua duen deialdi hau, udal gobernuak eta EH Bilduk 2024ko aurrekontuetan lortutako akordioan barnebiltzen da, eta establezimendu berri bat ireki nahi dutenei zuzenduta dago. Dirulaguntza jaso ahal izateko, zenbait baldintza bete behar dira, hala nola diruz lagunduko den jarduera etxabe batean egotea, sarrera edo erakusleiho nagusia Alde Zaharrera edo Zabalgunera izatea, edo enpresako plantilla 50 langile baino gutxiagokoa izatea eta urteko balantze orokorra 10 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi María Nanclaresek nabarmendu duenez, "laguntza-lerro berri honekin ekintzaileei merkataritza-lokal batean sartzen laguntzen diegu, gaur egun dagoen eskaintza osatuko duten enpresa-ekimenak abian jartzea sustatzen dugu eta beste establezimendu mota batzuetan garatutako hirugarren sektoreko jarduerak kalean bertan -
behe solairuan- kokatzea ahalbidetzen dugu. Programa hau tresna baliagarria izan daiteke une honetan oraindik aktibatu gabe dauden Gasteizko erdialdeko lonjetan negozio berriak irekitzea sustatzeko. Horretarako, 200.000 euro inbertituko ditugu 2024an."

 

Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, "deialdi honek tokiko merkataritza sustatzen du, gaur egun hutsik eta eskuragarri dauden lokaletan merkataritza-jarduera sustatuz. Horrela, azken urteotan hirigunean galdu den merkataritza-jarduera berreskuratu nahi dugu, Gasteizko erdigunea berriro ere bizitzaz betetzeko. Deialdiak jasotzen dituen baldintzek, multinazional handien aurrean, saltoki txikiei eta ekintzaileei laguntzea dute helburu. Hala, positiboki baloratuko dira enpresa sortu berria izatea, urte asko hutsik daramaten lokalak aukeratzea edo jardueraren titulartasuna edo gerentzia emakume batek eramatea".

Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte, besteak beste, denda eta jatetxeek, bidaia-agentziek, telekomunikazio-negozioek, finantza-erakundeek, aseguruek, jarduera profesional eta artistikoek.
Dirulaguntza jaso ahal izateko, onuradunak EJZn alta emanda egon beharko du azaroaren 30a baino lehen, eta errentamendu-kontratu bat formalizatu beharko du uztailaren 1etik azaroaren 30era bitartean.

Eskabideak aurkezteko epea deialdia ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko irailaren 30ean amaituko.