AKTUALITATEA


| 2026-07-15 10:36:00

Arabako hiriburuak ‘Vitoria-Gasteiz Euskararen Hiria’ ekimenaren hirugarren edizioa hartuko du urriaren 10ean, ‘Zuk baduzu tokia Euskararen Hirian’ lelopean. Ekimena Udal Gobernuak eta EH Bilduk 2026ko ekitaldirako lortutako aurrekontu-akordioaren barruan kokatzen da, eta jardueraz betetako 12 ordu baino gehiago eskainiko ditu euskaraz, etenik gabe, Plaza Berrian eta Andre Maria Zuriaren plazan, adin guztietako pertsonei zuzenduta.

Gaur goizean eman dituzte edizio berriari buruzko xehetasunak prentsaurreko bidez. Bertan izan Euskara zinegotzi María Nanclares; EH Bilduko zinegotzi Maider Uriarte eta Geu Elkarteko teknikaria Aitor Alvarez.

Uriartek adierazi duenez “euskarak pairatzen duen oldarraldiaren aurrean, bilakatu dezagun Gasteiz, inoiz baino gehiago, Euskararen Hiria. Ez dadila egun bakarreko ekimena izan eta Gasteiz euskalduntzen jarraitzeko bidean salto kualitatiboa izan dadila. Euskaraz bizitzea posible dela erakutsi nahi dugu. Izan ere, datuek diotenaren arabera, Gasteiz gero eta udalerri euskaldunagoa da. Erabilerari dagokionez, Euskal Herriko bigarren hiriburua gara eta ezagutzari erreparatuta, 19 urte baino gazteagoen artean, soilik %3k ez du euskara ulertzen. Euskarari mugak jarri nahi dizkiotenen aurrean, Gasteizek erakutsiko du gure hizkuntzaren burujabetza kalean defendatzen dela, giro alaian, euskalgintzarekin batera eta euskara bizikidetzaren erdigunean jartzen”.

Nanclaresek nabarmendu duenez, aurtengo leloak “ezin hobeto islatzen du jardunaldiaren funtsa, eta dagoeneko hitzordu nabarmen gisa finkatu da gure hiriko euskarazko jardueren egutegian”. Era berean, gogorarazi duenez, “helburua da euskara herritar guztiengana hurbiltzea eta erabilera sustatzea, bai dagoeneko normaltasunez erabiltzen dutenen artean, bai euskara ikasten lehen urratsak ematen ari direnen edo gure hizkuntzara hurbildu nahi dutenen artean, hori guztia proposamen ludikoen eta parte hartzaileen bidez”.

Programazioak euskara, kultura, aisia, kirola eta beste sektore batzuetako elkarte eta eragileak bilduko ditu, herritar guztiei irekita egongo den jaian.

Plaza Berria eta Andre Maria Zuriaren plaza euskararen epizentroa izango dira egun osoan Gasteizen. Egitaraua 11:00etan hasiko da txikienei eta haien familiei zuzendutako jarduerekin, eta 23:30ak aldera amaituko da, ospakizunari amaiera emango dion musika-emanaldiarekin.