Gasteizko Udalak 28.800 euro igoko du Denon Eskolarekin duen hitzarmenaren zenbatekoa, eta guztira 78.800 euro izango dira. Igoera hori Tokiko Gobernu Batzordeak eta Ogasun Batzordeak onartu dute dagoeneko, eta Udalbatzara eramango da, laster behin betiko onarpena jaso dezan.
Igoera EH Bilduren eta Udal Gobernuaren arteko aurrekontu-akordioarekin lotutako zuzenketetako batetik sortu da, eta ikastetxe zaurgarrietan eskolaz kanpoko jarduerak sustatzea du helburu.
Jon Molina EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, “eskola publikoaren errealitatea oso anitza da, eta erakunde publikoek eskolako zein eskolaz kanpoko jardueren eskaintza ahalik eta ekitate handienarekin bermatzen dela zaindu behar dute, arreta berezia jarriz ikasleen artean zaurgarritasun-indize handiena duten ikastetxeetan. EH Bildutik proposamen hau sartu dugu segregazioaren ondorioei aurre egiteko eta ikastetxe horietan eskolaz kanpoko jarduera anitzak, aberasgarriak eta hezkuntzan eragin positiboa dutenak eskaintzeko. Errealitate sozioekonomikoek sortzen dituzten oztopoen aurrean, Udalak konpentsazio-funtzioa bete behar du, eskola publikoan hezkuntza-berdintasuna eraginkorra izan dadin”.
“Hezkuntza Zerbitzuak urteak daramatza guraso-elkarteei laguntzen, ikastetxe kalteberetan eskolaz kanpoko jarduerak egin ditzaten. Orain, lan-ildo hori ekonomikoki indartuko dugu, eta, horri esker, ikasleek hezkuntza-aukera berriak izango dituzte ikasgeletatik harago, aisialdiaren eta denbora librearen esparruan. Aurrekontu-igoera horrekin, guraso-elkarteei laguntzeko sistema indartuko dugu, eskolaz kanpoko jarduerak antolatzeko gaitasuna handituta, batez ere zaurgarritasun-egoeran dauden ikasle eta familiei arreta ematen dieten ikastetxeetan”, azaldu du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntzako zinegotziak.
Zuzenketak 100.000 euroko aurrekontua du guztira, eta honela banatuko da: aipatutako 28.800 euroko zenbatekoa Denon Eskolarekin hitzarmena indartzera, eta gainerako 71.200 euroak, Hezkuntza Zerbitzuak ezarritako irizpide teknikoen arabera, Hezkuntza Konplexutasunaren Indize handia duten ikastetxeetako guraso-elkarteetara. Aurrekontu-aldaketa hori laster egingo da.