EH Bilduren ustez, beharrezkoa da Erraldoi, Buruhandi, Zaldi eta Txoten Konpartsaren ibilbidea balioestea, eta hala eskatu du udaletxean gaur eguerdian egin den Kultura batzordean. Horretarako, EH Bilduk konpartsaren jarduerak «gehiago eta hobeto» iragartzea proposatzen du, irteerak udal agenda orokorrean ez ezik, konpartsaren atari espezifikoan ere iragarriz. «Erraldoi, Buruhandi, Zaldi eta Txoten Konpartsa elementu bizia da, maitatua eta Gasteizko kultura-panoraman errotua. Ez da ikuskizun hutsa. Kaleak jai giroz betetzen ditu eta koadrilen topalekua ere bada. Baina, batez ere, emozio eta ilusio garaia da haurrentzat», adierazi du Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak.
Ildo horretan, Uriarte zinegotziak adierazi du, figura horiek sortzen duten interesa dela eta, interesgarria litzatekeela Konpartsari geolokalizazio-elementu bat gehitzea, udalaren webgunearen bidez, konpartsaren kokapena adierazteko ibilbidean zehar. Horrela, familiek bat egin ahal izango dute ibilaldiarekin edozein puntutan.
«Digitalizazioa gure egunerokotasunean erabat integratua dagoen honetan, Gasteizko Udalak teknologia kultura herritarraren alde eta herritarren erosotasunaren zerbitzura jarri beharko luke. Horregatik, udal webgunean Erraldoi, Buruhandi, Zaldi eta Txoten konpartsa denbora errealean jarraitzeko geolokalizazio sistema bat gaineratzeak, ekintza kultural eta herrikoia modernizatzeaz gain, pertsona guztien irisgarritasuna ziurtatuko luke», dio Uriartek.
109 urteko historia
Gasteizko Konpartsa 1917an sortu zen, eta lau erraldoiek -Aramaioko baserritarrak eta Arabako Mendialdeko nekazariak- eta lau buruhandik -Zeledon, Escachapobres, Katxan eta Pintor- osatzen zuten. Bere historian zehar, pertsonaia gehiago batu dira, hala nola Ojo Biriki, Barajako Erregeak, Txotak eta Zaldiak, eta beste batzuk desagertuz joan dira.
Beste pertsonaia batzuk, denbora batez desagertuta egon arren, erreskatatuak izan dira. Horixe da Buruhandien Konpartsako emakumezko pertsonaien kasua: "La Vieja" eta "La Señorita", 2022ko Gasteizko jaietan berreskuratu zirenak.