Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak eman dio hasiera Udal Politikako Eztabaida Orokorraren bigarren saioari. Saio horretan, fiskalitatearen arloan akordio bat eskaini du, progresibitateari eta justizia sozialari dagokionean aurrera egingo duena. «Euskal Herria Bilduk zerbitzu publiko sendoak defendatzen ditu, hiri gisa ditugun erronkei erantzuteko finantzazio nahikoarekin, pertsonen babesa bermatzeko eta jarduera ekonomiko, sozial eta kulturalaren bultzada hobetzeko balioko dutenak», adierazi du Viterok.
Ildo horretan, bozeramaileak ziurtatu duenez, «EH Bildu prest dago udalerri honetarako zerga-esparru global bat negoziatzeko eta adosteko, funtsezko bi helburutan aurrera egin ahal izateko. Batetik, baliabide ekonomiko egokiak sortzea, arreta eta babes soziala indartzeko, enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta trantsizio energetikoa edo mugikortasun jasangarria indartzeko, besteak beste. Eta bestetik, fiskalitate justu eta progresibo baten bidean sakontzea ahalbidetuko duena, non gehien dutenek gehiago ordainduko duten, eta non zergek eta tasek pertsonen egoera arintzen lagunduko duten neurriak eta kenkariak jasoko dituzten, bereziki baliabide gutxien dituztenena».
Gainera, EH Bilduk adierazi du fiskalitatea eguneratzeko akordioak lortzeko beharraz gain, gutxienez beste bi eremu estrategiko daudela, eta horietan Gasteizek gehiengoaren akordioak lortu behar dituela epe labur, ertain eta luzean erantzun egokia bermatzeko. Zentzu horretan, zaintzen aldeko akordio bat eta klima-aldaketari aurre egingo dion trantsizio ekosozialaren aldeko beste bat lortzeari buruz hitz egin du.
«Zaintzak duintzeko itun sozial eta politiko handi bat lortzea posible eta komenigarria dela uste dugu, adinekoei ematen dizkiegunetatik hasita. Erronka demografikoaren ondorioak pairatzen ari gara. Egia da aurrekontu-akordioaren bidez ildo horretan neurriak txertatu ditugula (etxebizitza komunitario berriak eta hurbileko jantokiak), baina erronka nahikoa zorrotza da akordio zabal bat bilatzeko, ongizatearen eta gizarte-babesaren arloan hiri gisa nora joan nahi dugun markatzeko, eta horretarako beharko ditugun tresnak, baliabideak, langileak eta finantzaketa definitzeko. Lor dezagun zaintzeko eta duintasunez zainduak izateko eskubidea beramtuko duen udala izatea», eskatu du Viterok.
Bigarren eremu estrategikoaren erronkari dagokionez, hala nola krisi klimatikoari ahalik eta erantzun adostuena ematea eta bidezko trantsizio ekosoziala gauzatzea, bozeramaileak «udalerriaren deskarbonizazioa bizkortzea eta gauzatzea» eskatu du. Ildo horretan, EH Bilduk ekarpen eta hobekuntza nabarmenak egin dituela gogorarazi du, hala nola auzoko energia-komunitateek plaka fotovoltaikoak jarri ahal izateko finantziazioa, edo Gasteiz eta Araba erdialdea Unescoren biosferaren erreserba izateko proposamenaren garapena. Era berean, «deskarbonizaziorako bultzada irmoa behar dugu, eta horretarako, besteak beste, energia berriztagarriaren ekoizpena handitu behar dugu», ziurtatu du. Horretarako, ahalik eta adostasun sozial eta politiko handiena izatea beharrezkoa izango dela ziurtatu du.
Hori horrela, EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi du duela urtebete, udal hauteskundeetan, hautestontziek eskubideen hobekuntzan oinarritutako Gasteiz aurrerakoi bat eskatu zutela, politika eta neurri aurrerakoien bidez ongizate handiagoa lortzeko. «Akordioetan EH Bilduren presentzia da herritarren gehiengoaren agindu hori beteko delaren bermerik onena, eta asmo horrekin egingo diogu aurre hurrengo ikasturteari: Gasteiz hobea lortzeko eraldaketak bultzatzen jarraituko dugu», ziurtatu du.
Viterok udalerriak aurretik dituen erronka funtsezkoetako batzuk ere aipatu ditu. Horien artean daude mugikortasun jasangarri, osasuntsu eta seguruari ekitea –industrialdeetako mugikortasunari arreta berezia jarriz–, udal-etxebizitzaren politika bultzatzea –alokairu babestuko etxebizitzen eskaerei erantzunez eta udalaren eremu tentsionatuaren deklarazioa gauzatuz–, eta hiri-proiektuetan aurrera egitea, hala nola Gasteiz Antzokian. Azken kasu horretan, Viterok udal gobernuari eskatu dio «izan umilak, sortutako iskanbila onartu eta hortik ikasi, berriro gerta ez dadin. Espero dugu zailtasunek proiektua ez oztopatzea eta, Gasteiz Antzokia, behingoz, euskaltzaleek eta euskalgintzak Gasteizen behar eta merezi duten katalizatzaile eta dinamizatzailea bihurtzea».
Viterok amaitu du, Osakidetzak gaur egun bizi duen etengabeko narriadura aipatuz. Zentzu horretan, udal gobernuari eskatu dio «eskumenetan ez ezkutatzeko eta ahotsa altxatzeko: murrizketen aurrean Gasteizko herritarrak defendatzea ere haien betebeharra da. EH Bilduk, gobernua garen lekuetan, irmo eskatzen dio Osakidetza kudeatzen duenari zerbitzua hobetu eta narriadura hori geldiarazteko». Ildo horretan, adierazi du, dagokion arloetan ere, aurrerapausorik ez dela eman: «Bost urte geroago, ez da pausorik eman Alde Zaharreko osasun-zentroa lekuz aldatzeko. Olarizun, ezta hori ere: gehiagorako ematen ez duen anbulatorioari erantuznik ez zaio eman. Atzerapen gehiagorik gabe birkokatu eta handitu behar da». Horregatik guztiagatik, EH Bilduko bozeramaileak ziurtatu du elkarrekin lan egiteko garaia dela, Osakidetza berriro zutik jartzeko.