AKTUALITATEA


| 2022-06-11 13:43:00

Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak eta Unai Fernandez de Betoño alkateordeak konpromisoa agertu dute Gasteizko herritarrekin, pertsona guztiak hobeto biziko diren udalerri baten alde lan egiteko. Gaur goizean egindako aurkezpen ekitaldian, biek nabarmendu dute herritarrekin batera lan egiteko beharra, udalerriak dituen erronka eraldatzaileen aurrean.

Vitero hautagaiak adierazi duenez,
«Gasteizen 250.000 pertsona bizi gara. Eta horregatik esan dezakegu 250.000 direla honaino ekarri gaituzten arrazoiak, Gasteiz hobea eraikitzeko arrazoiak. Gure helburua da pertsona guztientzako hiri bat sortzea, giza eskalako hiri bat, pertsona bakoitzaren beharrak entzun eta artatuko dituena. Pertsona guztien neurrira egindako Gasteiz. Hobetu eta aurrera egingo duen Gasteiz bat eraiki nahi dugu, denok hobeto biziko garen Gasteiz bat».

Unai Fernandez de Betoño alkateordeak adierazi duenez,
«EH Bilduren bokazioa hurbilen dagoen erakundetik, gure udaletik, gasteiztarrei etxebizitza, lana, zerbitzuak eta mugikortasun duin eta jasangarriak eskaintzeko politika publikoak bultzatzea da. Gaurko arazoei erantzuteko, etorkizuneko erronkei ilusioz aurre egiten diegun bitartean. Gutako bakoitza islatuko duen Gasteiz bat lortzeko. Posible da».

Horrela, biek aipatu dute erronka globalei aurre egin behar zaiela, hala nola biztanleriaren zahartzeari eta larrialdi klimatikoari. Erronka horiei modu komunitarioan eta beti pertsonak babestuz egin behar zaie aurre. Hala, zahartzearen erronkaz hitz egitea gizarte-politikez, herritarren ongizateaz, zaintza-politikak erdigunean jartzeaz eta etxebizitza-politikaz hitz egitea izango dela nabarmendu dute. Eta krisi klimatikoaz hitz egitea lurzoru gehiago ez kontsumitzeaz hitz egitea izango da, tokiko komunitateentzat itzulkin sozialarekin energia berriztagarriak hedatzeaz hitz egitea, kalitatezko garraio publikoa sustatuko duen mugikortasun benetan jasangarri, osasungarri eta seguruaz hitz egitea, gure hirian erabilera desberdinetatik hurbil egongo den hirigintza-politika batean oinarrituta.