Udalak Vitoria-Gasteizko Gabonetako Azoken Ibilbidea jarri du abian, herritarrei eta egun berezi horietan Arabako hiriburua bisitatzen duten pertsonei zuzendutako esperientzia.
Rocío Viterok EH Bilduko bozeramaileak eta María Nanclares Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak aurkeztu dute proposamena prentsaurreko bidez. Izan ere, EH Bilduk eta Udal-gobernuak 2026an hitzartutako aurrekontu-akordioari esker bideratuko da egitasmoa.
EH Bilduko bozeramaile Rocio Viterok adierazi duenez, “Gabonetako merkatuak bisitariak nahiz Gasteizen bizi garen pertsonak elkartzeko, dinamizatzeko eta erakartzeko guneak dira. Horregatik, EH Bilduk beti defendatu izan du espazio horien irudi bateratua eskaini beharko genukeela. Bere ekimenei eta jarduerei balioa ematen dakien hiria nahi dugu. Irudi bateratu batek aukera emango luke haren sustapena eta informazioa hobetzeko, eta gabon garaian Gasteizko erakargarritasuna indartzeko. Kontua ez da soilik merkataritza-gune horiek apaintzea, baizik eta hiri-proposamen bat eraikitzea, nortasun propioa izango duena, Gabonetako jarduerak eta merkatuak lotuko dituena, eta jarduera ekonomikorako aukera bat izango dena”.
“Gasteizko Gabonetako programazioak artisautzako artikuluak eta produktu gastronomikoak biltzen dituen merkatu eta azoken eskaintza du, hiriko hainbat espaziotan banatuta eta hainbat erakundek sustatuta. Ekintza honen bidez, tokiko merkataritza ikusarazi eta Gasteizko erdiguneko kaleak dinamizatu nahi ditugu, Gabonetan maite ditugunak harri eta zur uzteko moduko opari paregabeak eskaintzen dizkiguten artisauei lagunduz. Era berean, Gabonetako gure menuak biribiltzeko jaki goxo-goxoak eskaintzen dizkiguten saltokiei ere babesa eman nahi diegu”, adierazi du María Nanclaresek.
Elkarrekin aurkeztu dute Gasteizko Gabonetako Azoken Ibilbidea, gaur egungo estiloko diseinu grafiko propioa duena.
Ibilbidea sustatzeko, Udalak mapa bat prestatu du. Bertan, Independentzia kalean eta Urrezko Zeledonen plazan jartzen den Udalaren Gabonetako Azoka eta Floridako parkean kokatzen den AENKOMERen Gabonetako Azoka agertzen dira. Egitaraua osatzeko, besteak beste, honako azoka hauek ere izango dira: Artisauk Probintzia plazan antolatutako «Lan ta Lan» Gabonetako Artisautza Azoka; Montehermoso Kulturunean egingo den Marrazki eta Ilustrazio Azoka, Mazoka; eta Vital Fundazioak plaza Berrian antolatutako Gabonetako Nekazaritza Azoka.
Liburuxka hori Gasteizko Gabonetako beste gune esanguratsu eta jarduera nabarmenekin osatzen da, hala nola Florida Jaiotza, Gabonetako Haur Parkea, izotz-pista, noria erraldoia eta Olentzero eta Mari Domingiren etxea, besteak beste.
Gabonetako azokek, era berean, opari-lazo itxurako maskotak izango dituzte, aurpegia dutenak eta kokaleku bakoitzari kolore pastel desberdin bat esleituta: arrosa, berdea, morea eta urdina. 3 metroko altuera duten panpinak izango dira, distantzia handian ikusteko modukoak.
Proposamen hori abian jartzeko kanpainak formatu handiko hiriko informazio-euskarriak ditu hiriko lau puntutan.
Gainera, azoka horietan beren produktuak eskaintzen dituzten pertsonek opari pertsonalizatuko papera izango dute, Gabonetako Azoken udal-sustapeneko kanpainaren irudiarekin, diseinu oso erakargarriekin. Bezeroei balio erantsia eskainiko dien elementu bereizgarria izango da.
Udalak 14.875 euro + BEZa inbertitu ditu proiektu hau garatzeko, eta horretarako Habemus Estudio tokiko sormen-agentziaren laguntza izan du.