EH Bilduk uholdeen aurkako planaren hirugarren eta laugarren faseak gehiago ez atzeratzea eskatu dio Udal Gobernuari, Zadorrako inguruetan eta Ategieta eta Krispiña herrietan esku hartzea aurreikusten dutenak. EH Bilduk azaldu duenez, proiektua diseinatuta dagoen arren eta proiektua gauzatzeko behar diren hainbat urrats eman diren arren, oraindik ere hainbat lan egiteke daude.
Gasteizko uholde-arriskuak nabariak izan direnez, batez ere hiriaren iparraldean eta hegoaldean, duela 20 urte URAk, Gasteizko Udalak eta hainbat administraziok uholdeen aurkako plan bat garatzea erabaki zuten, uholdeek dakarten arriskua arintzeko. Proiektuak hiriaren hegoaldean, Larragorri putzuaren bidez, Gasteizko mendietatik datozen euriteen inpaktua minimizatzeko asmoz, baita Zadorra ibaiaren inguruan ere esku-hartzeak aurreikusten zituen. EH Bilduko Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, «Zadorra ibaiaren proiektua erdi eginda dago; izan ere, aurreikusten dituen 4 faseetatik, oraindik hirugarren eta laugarren faseak egiteke daude».
Alderdi politikoaren zinegotziak zehaztu du, halaber, zer esku-hartze egin behar diren egiteke dauden faseetako bakoitzean. Alde batetik, hirugarren faseak N-622 errepidearen pareran dagoen zubia egokituko du, ibaiaren emariak eremu horretatik igarotzean eragozpenik sor ez dezan; obrak ACUAESek egingo ditu. Bestalde, laugarren faseak 1.7km-ko horma natural bat sortzea aurreikusten du, Astegieta eta Krispiña herriak babesteko. Horretarako, 5.600.000€-ko kostea aurreikusten da. Kasu honetan, harresia gauzatzeko beharrezko lur-desjabetzeak Udalaren esku geratu dira eta, bi urteren ondoren, ez dira gauzatu. «Planaren fase guztiak gauzatu arte, urtero uholde-arriskua izaten jarraituko dugu», adierazi du Diaz de Garaiok.
Horrela, bada, EH Bilduk azpimarratu nahi izan du garrantzitsua dela hiriaren ezaugarri hidrologikoak alde batera ez uztea hirigintza planak garatzeko orduan, uholdeen aurkako planaren osagarri gisa.