EH Bilduren proposamenaren eta 2024ko martxoan Bozeramaileen Batzordean lortutako akordioaren ondoren, azkenean, Gasteizko Udalak Agroekologiaren aldeko Udal Sarearekin bat egingo du. EH Bilduk adierazi duenez, tokiko elikadura-ohitura iraunkorrak eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritutakoak babesteko eta indartzeko aurrerapausoa da.
Agroekologiaren aldeko Udalerrien Sarea estatu osoko erakundeek osatutako elkartea da. Elkartearen helburua parte hartzen duten erakundeen artean sareak eta dinamikak sortzea da, tokiko eta ingurumenaren aldetik errespetuzkoak diren elikadura-sistemak gaitzeko. Udalak printzipio horiekin bat egin zezan, EH Bildu ekimenaren aitzindari izan zen, eta atxikimendua planteatu eta prozedura hastea lortu ondoren, azkenean gauzatu egin da. Gauzak horrela, neurri zehatzak eta espezifikoak dituzten ekintza-planak ekarriko ditu horrek, udalerria sistema iraunkorrago baten alde egiteko.
Ekaitz Diaz de Garaio, EH Bilduko zinegoziak, adierazi duenez «gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, tokiko nekazaritzako elikagaien sistemak ere gero eta ahulago daude. Ingurumen-inpaktuak, inpaktu sozialak eta ekonomikoak murrizteko behar diren elikadura-politikak egokitzea tokiko administrazioen ardura da».
Horrela, EH Bilduko alderdi politikoak azaldu duenez, elikagaien sistemetan eragina izango duten araudi berrietan aurrera egiteko aukera gaituko da, ekoizpena eta banaketa zein herritarren dietak hobetuz, gizartearen elikadura-ingurunea eta -ohitura modu jasangarrian planteatuz.