AKTUALITATEA


| 2025-11-26 11:06:00

Vitoria-Gasteizko Udalak partzela bat egokituko du Salburuan 73 hiri-baratze egiteko, bakoitza 50 m²-koa, eta modu komunitarioan kudeatuko dira. Zehazki, Elorriagako Atea, Varsovia hiribidea, Budapest hiribidea eta Galileo kalearen artean dagoen lursaila da.

Ekimen hori gauzatzeko, 7.000 m² egokituko dira, 12.300 m²-ko lursailetik, eta horrek aukera emango du etorkizunean handitzeko. Obrek 6 hilabeteko iraupena izango dute kontratua esleitzen denetik aurrera, eta batez ere lurzatiaren malda gainditzea eta, lursaila berdinduta terrazak sortzea izango dute helburu.

Baratze komunitario horiek gobernu-taldearen, PSE-EEren eta EAJren, eta Euskal Herria Bilduren arteko aurrekontu-akordioan jasotako 300.000 euroko kontu-sailari esker sortu ahal izango dira.

Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, “egungo krisi klimatikoaren testuinguruan, autokontsumoa eta tokiko ekoizpenak bultzatu behar dira. Baina are garrantzitsuagoa da herritarrak horren partaide bihurtzea eta horrekin lotutako kontzientzia herritarra eraikitzea. Proiektu honetan, herritarrek baratzeen kudeaketa komunitarioa egin beharko dute, sareak, aktibazioa eta parte-hartzea sustatzen dituen formatua baita. Gainera, hiri-baratzeen eskaera handia dago, eta erakundeak horri erantzun behar dio. Hain zuzen ere, EH Bilduk baratze horiek ugaritzearen eta auzoz auzo pixkanaka ezartzen laguntzearen alde egiten du”.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak proiektuaren balio komunitarioa nabarmendu nahi izan du. “Hiri-baratzeek ez dute soilik elikagaiak landatzeko aukera ematen, harremanak ere lantzen baitituzte. Jendeak elkar ezagutu, lagundu eta loturak sortzen dituen lekuak dira. Eta hori oso garrantzitsua da Salburua bezalako auzo gazteetan, pertsona asko duela gutxi iritsi baitira eta oraindik komunitatea eraikitzen ari baitira”.

Artolazabalek gogorarazi du hiriak esperientzia sendoa duela hiriko beste lau auzotan. “Badakigu eredu honek funtzionatzen duela. Ohitura osasungarriak bultzatzen ditu, jarduera fisikoa sustatzen du eta kide izatearen sentimendua indartzen du. Esperientzia hori oraindik halakorik existitzen ez den lekura eraman nahi dugu, bizilagun gehiagok parte hartu ahal izan dezaten”, adierazi du.

Baratzea martxan jartzearekin batera, Udalak informazio-saioak, laguntza teknikoa eta esleipen-sistema gardena eta txandakakoa jarriko ditu, Udaleko gainerako hiri-baratzeetan egiten den bezala. Lurzatien esleipena eta eskaera-egutegia obrak amaitu ondoren iragarriko dira.

Hiri-baratze berri horiek sortzearen helburua auzoko hainbat eremutan eragitea izango da, baita autokontsumoa handitzea, biodibertsitatea hobetzea, bizilagunen ongizatea hobetzea eta auzoaren estetika bera hobetzea ere. Gainera, erabiltzaileen arteko sare soziala indartuko du praktika aktiboaren bidez.

Hiri-baratzeetako ekipamenduak

Salburuko lurzati horrek erabiltzaileen beharrei ere erantzungo die, ureztatzeko 3 uraska, kanpoko eta barruko biltegi bana eta komunak dituen etxola bat izango baititu. Barnealdean askaritarako gune bat ere prestatuko da, baratzeak erabiltzen dituzten pertsonen arteko harreman-sareak bultzatzeko.

Horrela, Salburua auzoko instalazio berria (orain arte ez zegoen horretarako lursailik) Gasteizko udal-baratzeen sarean sartuko da. Sarean honako hauek daude lehendik: Ingurumen Gaietarako Ikastegiak (IGI) kudeatzen dituen Urarteko Baratzeak (Abetxuku), Zabalortuko (Zabalgana), Lakuakoloreko (Lakua) eta Ortubiko (Borinbizkarra) baratzeak. Guztiak dira kudeaketa komunitariokoak. Horri esker, udalerriko ekialdeak ere laster horrelako proiektua izango du.