AKTUALITATEA


| 2025-11-21 11:24:00

Gaur Gasteizko Udalean egindako osoko bilkuran, EH Bilduk azpimarratu du beharrezkoa dela elkarrizketa politiko eta sozial partekatu bat abiatzea udalerriko segurtasunaren inguruan. Ildo horretan, EH Bilduk aurrera atera du udal gobernuak proposatutako zuzenketaren puntu bat, honela zioena: “Gasteizko Udalak gai horretan eskumenak dituzten erakunde guztiei eskatzen die segurtasun arloko erronkei irmo heltzeko eta neurri egokiak hartzeko pertsona guztiek Euskadiko kaleetan eta plazetan seguru egoteko eta sentitzeko duten eskubidea bermatzeko”.


Alderdi Popularrak Berrerortze Anitzaren aurkako Legearen inguruan aurkeztutako mozio baten ondorioz sortutako eztabaida honetan, Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak berretsi du bere alderdiak segurtasunaren gaia zaratatik urruntzeko eta gai horretan elkarrizketa serio eta arduratsu bati ekiteko borondatea duela: «EH Bildun prest gaude eztabaida hau irekitzeko, gure ustez planteamendu sinplistetatik eta ez-eraginkorretatik atera eta polemiketatik eta titularretatik urrundu behar den eztabaida. Beharrezkoa da sakoneko lan integral bat egitea, eta eztabaida bat irekitzea termino eraikitzaileetan». Horrela, zinegotziak gai hau jorratu den inguruko hiriei ere begiratu nahi izan die. «Beste hiri batzuetan, Bilbon, esaterako, segurtasunari buruzko ponentzia bat zabaldu da, eta Udal Segurtasunari buruzko Itun bat onartu da. Zergatik ez da posible Gasteizen? Saia gaitezen. Hel diezaiogun gai honi erantzukizunetik».


Zentzu horretan, EH Bilduk gure udalerrian bizikidetza baketsurako eskubidea defendatu du, eta gainerako alderdiei delituen prebentzioaren arloan lan egiteko eskatu die, Alderdi Popularrak ezarri nahi dituen postulatuetatik urrun. «Eztabaida hori sinplifikatzeak, beldurra astintzera, 4 boto irabaztera eta kriminalizatzera bideratutako proposamenak ekartzeak, ikuspegi zigortzaile batetik, ez du arazoa konpontzen laguntzen, arazoa larriagotzen baizik. Jarrera politiko hori ez da arduratsua, eta, jakina, ez du berrerortzearen arazoa konpondu nahi, betikotu baizik. Datu objektiboek, ez buloek, erakusten dute berrerortzeak sustrai sozialak izan ohi dituela (pobrezia-egoerak, sarerik eza, bazterketa-egoerak...), ez erro moralak, eta kausei heldu gabe espetxealdiarekin zigortzeak gizarteratze-printzipioa hausten duela eta delitu-zikloa betikotzen».