AMVISAk bere langileekin kudeatuko du bezeroarentzako aurrez aurreko arreta-zerbitzua. Udal Gobernu taldeak eta Euskal Herria Bilduk kudeaketa-eredu hori aplikatzea adostu dute, zerbitzua emateko kontratuaren indarraldia amaitu ondoren. AMVISAko Administrazio Kontseiluak datorren ostiralean onartuko du neurri hori, eta, horrela, datozen hilabeteetan amaituko den aldaketa hasiko da kudeaketan, barne-berrantolaketako prozesu zabalagoaren barruan.
Akordioa hainbat azterketa tekniko eta juridikoren ondoren iritsi da. Txosten horretan adierazten denez, udal-langileen bidezko kudeaketa da “aukerarik interesgarriena”, zerbitzuaren eraginkortasunaren ikuspegitik, “Bezeroen Arretarako Lege berriak eskatzen dituen gutxieneko kalitate-parametroak” lortzeko. Eredu berria “beharrezko berrantolaketaren” barruan kokatzen da, behar berriei erantzuteko eta AMVISAk bere 130.000 abonatuei (Vitoria-Gasteizen ura erabiltzen duten pertsonak eta enpresak) eskaintzen dien zerbitzua hobetzeko.
AMVISAko presidente Pascual Borja zinegotzi sozialistaren ustez, aldaketa hori “urrats garrantzitsua da hobekuntza-prozesu zabalagoaren barruan. Hori guztia arreta behar berrietara egokitzeko eta ura bezalako funtsezko zerbitzu baten izaera publikoa indartzeko pentsatuta dago. Bezeroarentzako arreta eraginkorragoa, hurbilagoa eta interes orokorrarekin erabat lerrokatua bilatzen dugu. Kudeaketa-eredu berriak aukera emango du gure abonatuei eskaintzen diegun zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, lege berria betetzen dela bermatzeko eta baliabide publikoen erabileran eraginkortasuneko irizpideen arabera egiteko. Teknikoki eta juridikoki bermatutako erabakia da, eta aukerarik egokiena da kudeaketaren, antolaketaren eta gastu publikoaren ikuspegitik”.
Bestalde, EH Bilduk Gasteizen duen bozeramaile Rocío Viterok adierazi duenez, “nahiz eta zerbitzu hori, urarena, funtsezkoa eta ezinbestekoa den herritarrentzat, bezeroarentzako arreta 2011tik kontrata baten bidez eskaintzen zen. Ezohiko egoera da, hitzordu pertsonalizatuetan zuzeneko arreta eskaintzen zuten pertsonek AMVISAren instalazioetan egiten baitzuten, AMVISAren materialarekin, baina bertako langileak izan gabe. Gainera, lan-gatazka ugari izan dituen kontratua da. Gaur egun, akordio honen bidez, egoera hau konponduko dugu, eta kalitatezko enpleguarekin zein AMVISA % 100 publikoa, udalerriarena eta etorkizuna izango duena izan dadin Euskal Herria Bilduk bere gain hartutako konpromisoa erakutsi dugu”.
AMVISA 2011z geroztik ari da bezeroaren arretarako zerbitzuaren zati bat kontratatzen, horretarako kanpoko enpresa espezializatuetara joz. Udal Gobernuak itxitako akordioarekin, aurrez aurreko arreta, herritarrek ur-hornidura eskuratzeko eta gorabeherak konpontzeko gehien erabiltzen duten kanala, bertako langileek eskainiko dute, eta Bulego Birtuala eta 24/7 telefono bidezko arreta-zerbitzua kontratu bidez emango dira.
AMVISAk adierazi duenez, neurri hori “etorkizunera begirako alternatiba egonkorra” da. Gainera, bezeroaren arretarako zerbitzua, gutxienez 5 administrari izango dituena, “modu integralean birkonfiguratu” beharko dela uste du, bai Bezeroen Arretarako Zerbitzuen Legeak txertatu dituen eskakizun berriengatik, bai orain arte erabilitako ereduaren segurtasun juridiko eza.