AKTUALITATEA


| 2021-07-13 10:21:00

EH Bilduk mozio bat eramango du datorren osoko bilkurara, Gasteizko Udalak araudi irekia eta anbizio handikoa garatzea eskatzeko, ahalik eta udal-langile gehienei telelana egiteko modua aukeratu ahal izateko. «Helburua da lan-sistema publiko aurreratuagoa izatea, lan presentzialean soilik oinarritzen ez dena, malgutasuna ekarriko duena eta lanaldia zerbitzuaren eta langileen beharretara egokitzeko aukera emango duena», adierazi du Alberto Porras EH bilduko zinegotziak.


Halaber, EH Bilduren ustez, araudi horrek «genero ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala» izan behar du, emakumeen, gizonen eta behar bereziak dituzten kolektiboen benetako beharrei erantzuteko. Plana egiterakoan, Berdintasun Sailarekin batera burutzea eskatu du EH Bilduko zinegotziak, baita kolektibo feministen ekarpenak jaso daitezela ere.


Alberto Porras zinegotziak araudi berri honetan parte hartzea bermatzeko beharra azpimarratu du. Horregatik, EH Bilduk telelanaren gaia lehendik dagoen Giza Baliabideen Ikerketa Taldean modu monografikoan sartzeko eskatuko du. Talde horretan, alderdi politikoez gain, sindikatuek ere parte hartzen dute, eta, gainera, hala erabakiko balitz, dagokion gaian adituak diren taldeak edo kolektiboak gonbidatzeko aukera egon daiteke ere.


Europako hainbat erakundetan telelanaren presentzia %21 ingurukoa da. Hala ere, Gasteizko Udala kopuru horietatik oso urrun dago. Udalak berak emandako datuen arabera, %5 baino ez dira (40 pertsona) pandemia iritsi ondoren erakundeak martxan jarri zuen esperientzia pilotuan telelanaren modalitatea aukeratzeko moduan egon ziren langileak. Guztira, udal-langile guztien %1,2 dira.


Azkenik, mozioaren bidez, araudi berria bi fasetan garatzea eskatuko da. Hasierako fasean, esperientzia pilotuaren 6 hilabeteen ebaluazio jarraitua egitea, eta, bigarrenean, emaitzak araudi berrira gehitzea.