AKTUALITATEA


| 2020-06-24 11:41:00

Stonewalleko gertakarien geroztik ekainaren 28an LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da: borroka disidente luzea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere. Eta azken alderdi horretan jarraitu behar dute erakundeek lanean. Hori dela eta, EH Bilduk LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunari buruzko Adierazpen Instituzionalerako proposamena erregistratu du gaur, dozena bat konpromiso biltzen dituena.

Erakundeetatik pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta bereziki zaindu behar dugu LGTBI bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izan ditzaten. COVID-19aren garaian ere egin behar dugu, Rocio Viterok, EH Bilduko zinegotziak, ondo azaldu duen bezala: “krisia ezin da aitzakia izan inor atzean uzteko. Garaiz gaude ‘normaltasun berri’ hori garai berri bat izan dadin, euskal jendarte errespetuzkoago, justuago, duinago eta askeago baterantz aurrera egiteko aukera izan dadin”.

Adierazpen horretan jasotzen da, neurri gisa, urgentziaz egin behar dela LGTBI pertsonen egoeraren diagnostikoa, COVID-19aren krisiaren eraginaren ondorioz, beste erakunde, kolektibo eta gizarte-eragile batzuekin koordinatuta. Eta ildo beretik, egindako diagnostikoari erantzungo dion talka-plan bat bultzatzea, premiazkoenak diren ekintzak lehenetsiz: lana, gizartea, osasuna, etab.

EH Bilduk aurkeztutako Adierazpen Instituzionalak Udalari eskatzen dio LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko neurriak aktibatzeko konpromisoa har dezala, hala nola: binarismoa gainditzeko administrazio-formularioen aldaketak, instalazio publikoetako aldagelen eta komunen egokitzapena, igerileku publikoen araudiak. Era berean, LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean koordinazio, arreta eta erantzun publiko instituzionalerako protokoloak eta, jazarpenaren eta hainbat eremuetan (hezkuntza, kultura, komunikazioa,enpresa…) eman daitezkeen eraso LGTBIfobikoen aurrean erantzun eta arreta emateko protokoloak diseinatu eta abiaraztea eskatzen du.

Beste neurri batzuen artean, ikuspegi feminista duten prestakuntza-prozesuak bultzatzea eta COVID-19aren krisiaren testuinguru sozialera egokitutako sentsibilizazio feministako kanpainak egitea sartzen dira. Testuinguru horretan, pandemian sortutako sare komunitarioekin batera lan egitea proposatzen da. Modu berean, adinekoen egoitzetan hainbat neurri modu koordinatuan sustatzea proposatzen da, LGTBI pertsonek beren aukera sexuala eta genero-aukera askatasunez bizi ahal izan dezaten, diskriminaziorik gabe.

Horregatik, ekainaren 28 honetan aitortu nahi dugu LGTBI kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina Euskal Herrian: garai zail hauetan, pertsonen eta gure herriaren emantzipaziorako erreferente direla erakusten jarraitzen dute. Eta era berean, herritarrei dei egiten diegu LGTBI mugimenduak eta mugimendu feministak gure herri eta hirietan deitutako ekintzetan parte har dezaten.