AKTUALITATEA


| 2022-11-03 11:43:00

EH Bildu hitz egiteko eta adosteko prest agertu da gaur 2023rako aurrekontuen eztabaidari begira. Egungo krisi sozioekonomikoko egoeran, babes soziala eta pertsonen ongizatea bermatzea eta handitzea da koalizioaren apustua. «Eztabaidari modu erabat eraikitzailearekin heltzen diogu, egungo garai zailetan, erantzukizuna behar delako. Horregatik elkarrizketarako borondatearekin heltzen diogu eztabaidari. Adosteko prest gaude, betiere pertsonen beharrei irtenbideak eskaintzeko bada, ongizatea eta babes soziala bermatu eta handitzeko eta aberastasuna banatzeko», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak.

EH Bilduren ustez, aurrekontu horiek egungo arazoei erantzun behar diete, eta milaka pertsona jasaten ari diren zailtasunak arintzeko balio behar dute. «Krisiaren ondorioak herritarrei iritsi zaizkie: erosketa-saskia garestitu egin da, energiaren prezioak etxean berogailua jarri ahal izatea baldintzatzen ari da, hipoteken interes-tasak igotzen jarraitzen du... Eta larriena: herritarrak pobretzen ari diren bitartean, badira krisi honen ondorioz dirutzak lortzen ari diren enpresak», ziurtatu du Viterok, eta zerga eta diru-bilketa sistemari buruzko hausnarketa sakona eskatu du, aberastasuna birbanatzea ekarriko duena, ekitatea eta justizia soziala bermatzeko.

Testuinguru horretan, azpimarratu behar da Udalak 23 milioi euro gehiago izango dituela datorren urtean gastatzeko, eta EH Bilduk uste du «funtsezkoa» dela diru publiko horren xedea erabaki ahal izatea, are gehiago, egungo egoeran, non pertsona eta familia ahulenei laguntzea izan behar den lehentasuna, babes soziala bermatuz eta handituz. Zerbitzu publiko indartsuak bermatu behar dira, pobretzearen aurkako neurriak eta tresnak indartu, edo energia eta erosketa-saskia garestitzeko aparteko bitartekoak jarri, besteak beste. Berehalako neurriak hartzea beharrezkoa da herritarren ongizatea gehiago ez higatzeko, baina etorkizunari begira egiteke dauden aldaketa estrategiko batzuk azkartzeko beharra inoiz baino nabariagoa da.