AKTUALITATEA


| 2022-09-22 11:07:00

EH Bilduk Ruiz de Bergara jauregira bisita egitea eskatu du, datozen hilabeteetan Euskararen Etxea eta Gasteizko Kafe Antzokia hartuko dituen jauregira. Hala jakinaraziko dio EH Bilduk Euskara zinegotziari arlo horretako hurrengo batzordean. Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «garrantzia handia duen hiri proiektua da, Gasteizko mugimendu euskaltzalearen ahaleginaren eta bultzadaren emaitza dena, eta gure hizkuntza sustatzeko eta babesteko gune bat sortzea helburu duena. Gainera, gure herrian hizkuntzaren arloan ematen diren inboluzio mehatxu anitzen aurrean, euskara eta honen normalizazioa aldarrikatzeko unea da».

Ruiz de Bergarako obrak azken fasean daude eta, horregatik, EH Bilduk gunea bisitatzea eta bertatik bertara obren egoera eta p
rozesua ezagutzea eskatu du. «Gasteizko euskalgintzarentzat eta euskararen normalizazioarentzat mugarria izango den gune honek laster irekiko ditu ateak. Horregatik, jauregira talde politiko guztien bisita antolatzeko eskatuko diogu gobernu taldeari».

Era berean, EH Bilduk uste du garrantzitsua dela azpimarratzea helburua ez dela soilik espazio fisiko bat inauguratzea. «Irekiera hori gure hirian benetako mugarria izan dadin, erakundeen inplikazioarekin eta beharrezko baliabideekin batera joan beharko du. Horrela, Gasteizen euskarak behar duen jauzi kualitatiboa emateko oinarriak jarriko lirateke», ziurtatu du Ruiz de Larramendik.