EH Bilduk, Ogasun batzordean, Gasteizko Udalaren Ordenantza Fiskalen eztabaidari begira dituen asmoak mahai gainean jarri ditu gaur. Hala, Rocio Vitero udal-bozeramailearen eskutik, Gasteizko herritarrentzat fiskalitate bidezkoagoa eta progresiboagoa eskainiko duen akordio bat lortzeko bidean «hitz egiteko, lan egiteko eta negoziatzeko» borondatea agertu du.
«Euskal Herrian Bildun askotan esan izan dugu: finantzaketa nahikoa duten tokiko erakundeak nahi ditugu. Horregatik, ahalmen ekonomikoa izango duen udal bat nahi dugu, herritarren ongizatea eraldatzeko eta hobetzeko tresna izan daitekeena. Ez gara, biziraupenaren sinonimo gisa, nahikotasun ekonomikoarekin konformatzen baizik eta, gertutasunetik, politika indartsuak martxan jarri ahal izango dituen eta kalitatezko zerbitzu publikoak eta jendearen bizi-kalitatea hobetuko duten inbertsioak eskaintzeko ezinbesteko eragile izango den Udala izatea bilatzen dugu», adierazi du Viterok.
Gainera, bozeramaileak ziurtatu duenez, EH Bilduk negoziatzeko eta udalerri honetarako zerga-esparru global bat adosteko prest egingo dio aurre eztabaidari, bi helburu nagusitan aurrera egitea ahalbidetuko duena. Batetik, baliabide ekonomiko egokiak sortzeko helburua du, besteak beste, gizarte-arreta eta -babesa indartzeko, enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko, trantsizio energetikoa edota mugikortasun jasangarria indartzeko. Azken batean, zerbitzu publiko sendoak, ondo hornituak izateko eta hiri gisa ditugun erronkei erantzuteko behar adinako finantzaketa. Eta bigarren helburua, ez garrantzi gutxiagokoa, fiskalitate justu eta progresibo baten bidean sakontzea da, non gehien dutenek gehiago ordain dezaten, eta non zergek eta tasek bereziki baliabide gutxien dituzten pertsonen egoera arintzen lagunduko duten neurriak eta kenkariak txertatzen dituzten.
Bere hitzartzean, EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak azpimarratu du komeni dela gogoratzea azken urteotan kanpoko hainbat faktorek eragin zuzena izan dutela herritarren poltsikoetan eta diru-kutxa publikoetan. Horren guztiaren emaitza da gure diru-sarrera propioak pisua galtzen joan direla udal-aurrekontuan. Pisu galera hori gasteiztarrek Arabako Foru Aldundiari ordaintzen dizkioten itunpeko zergetatik udalerri gisa dagokigun zatiaren hazkundearekin konpentsatu da. «Garrantzitsua da diru-sarreren jatorriari begiratzea, diru-sarrera propioak sortzeko gai izan behar baitugu, eta ez beste erakunde batzuen hain mendekoak izan. Diru-sarrera propio egokirik gabe, handitu egiten da gure ahultasun-egoera gorabehera ekonomiko globalei dagokienez, eta erabakitzeko ahalmena galtzen dugu gure baliabideen erabilerari dagokionez, are gehiago, udala erakunde "adingabe" gisa tratatzen dituzten finantza-egonkortasuneko arau batzuen mende gaudenean, gainerako administrazioek baino askoz ere baldintza zorrotzagoak bete behar baititugu», ziurtatu du Viterok.
Ildo horretan, egonkortasun-arauei buruz eta beste erakunde batzuetan hartutako erabakiek gure gastu- eta finantzaketa-ahalmenean duten eragin zuzenari buruz hausnartzeko beharra azpimarratu du. «Gure ustez, toki-erakundeek behar dituzten baliabideak izateko duten eskubidea, EAEko Udal Legeak jasotzen duena, ez da bermatzen gaur egun, eta hausnarketa hori gainerako erakundeei ere helarazi nahi diegu», amaitu du bozeramaileak.