AKTUALITATEA


| 2019-09-25 15:13:00

~~EH Bilduk jakinarazi du Ana Oregi Ensanche XXI Zabalgunea sozietate publikoaren presidenteak kudeatzaile izateko proposatu duen hautagaiaren aurka bozkatuko duela bihar. Oregiren asmoa da urriaren 1etik aurrrera Jorge Ozkarizek hartzea uneotan Iñaki Diez Unzuetak duen lanpostua erakunde horretan. EH Bilduren aburuz, gaitzetsi beharreko proposamena da. «Interes pribatuekin lotura handia duen pertsona da, eta orain arte funtzionario publiko batek zeukan lekua eman nahi zaio. Otsoa oiloen zaindari jartzea bezalakoa da», ohartarazi du koalizioko udal bozeramaile Miren Larrionek.


Atzo arte zaharberritze alorreko enpresa pribatu batean administrazio kontseiluko kidea zen Ozkariz. Kontseilu horretan baziren hirian espekulazioaren protagonista izan diren beste enpresa batzuetako presidenteak, kontseilariak edo ordezkariak. Balgorza, Firmes Alaveses, Alava de Desarrollos, Mahepe, Promociones Erdialde, Construcciones Perez de San Roman, eta guztira 39 konpainitan ordezkari izandako pertsonak.


Are gehiago, irabazi asmoko enpresa horretan bidelagun izan zuen bazkideetako bat ‘Las Neveras Kasu’-ko protagonista izan zen, gaur egun alkatea denak bere garaian ‘hiri eskandalu handienetako bat’ bezala izendatu zuen gertaera. «Orain geure buruari egiten diogun galdera da: pertsona batek bihar interes publikoak defenda ditzake Ensanche XXI Zabalguneko buruzagitzatik atzo arte irabazi asmoko negozio pribatu batean bazkide zituenen aurrean?», galdetu du Larrionek.


Larrionek zalantzan jarri du kudeatzaile berria gai izango ote den bere ardurapean dituen funtzio guztiak betetzeko. Ohikoa da halako kasuetan pertsona kargudunak abstentziora jotzea bazkide eta enpresa ohiak tartean dauden auzietan, baina egoera honetan arazoa handiagoa da. Izan ere, esaterako, interes gatazka etengabeak egon daitezke kontzertazio batzordeen erabakietan parte-hartu behar duenean, edota udal ondarea (PMS) kudeatu, negoziatu eta saldu behar duenean.


EH Bilduk jarrera kritikoari eusten dio Ensanche XXI Zabalgunearen jarraipenari buruz, eta uste du sozietate publiko honen desegite ordenaturako urratsak eman beharko liratekela, gaur egun esku artean dituen funtzioak udal teknikariek euren gain har ditzaten. «Kudeatzaile izateko proposamenarekin, udal gobernua kontrako norabidean jarri da. Baten batek azaldu beharko du zertara datorren uneotan Ensanche XXI Zabalgunea suspertzeko asmoa, izendapen honen bidez», zehaztu du Felix Gonzalez zinegotziak.


Gogoratu beharra dago orain dela lau urte sozietatearen egitekoa aldatu egin zela, baina horrek ez du ezertarako balio izan. «Lau urtean ez dira gai izan sozietateari bultzada bat emateko; orain kudeatzailea aldatuko dute, eta bihar, akaso, izena bera aldatuko diote, baina aurpegia garbitzeko saioak baino ez dira», bukatu du Gonzalezek.