EH Bilduk Emisio Gutxiko Eremua ordenantzaren «hasierako esentzia berreskuratzeko» eskatu dio Udal Gobernuari, herritar guztien onerako. Udal Gobernuak hasierako ordenantza «goitik behera» aldatu ondoren asteartean eskainitako prentsaurrekoan, EH Bilduk ordenantzaeren onarpena errazteko honek izan behar dituen neurriak azpimarratu nahi izan ditu. EH Bilduren proposamenak honako hauek izan dira: Auzokideen Lehentasunezko Eremua martxan jartzeko konpromisoa berreskuratzea, errentagatiko salbuespenak gainerako salbuespenen antzera tratatzea urtero justifikatzeko betebeharra kenduz, auzokideentzako salbuespen epea urtebetetik bi urtera luzatzea, salbuetsita egotearen aurreabisu-epea hiru hilabetetik seira luzatzea eta, azkenik, seinaleak irisgarritasun unibertsalaren printzipioa betetzea eta euskaraz zein gaztelaniaz egongo dela adierazten duen puntua berreskuratzea.
EH Bilduk azaroan hasierako ordenantza haren babesari esker onartu zela azpimarratu nahi izan du. Izan ere, legezko betebeharra izateaz gain, orduan oinezkoentzako eta bizikletentzako espazio publikoa berreskuratzea babesten zuen -EH Bildurentzat oinarrizko neurria dena-, eta Auzokideen Lehentasunezko Eremuarekin zuen konpromisoa jasotzen zuen. Azken neurri horrek eremu jakin bat ohiko ibilgailu-pasabide ez izatea oinezkoentzako bide bihurtzeko erraztu egiten du, eta hori, talde politikoak adierazi duen bezala, positiboa izango litzateke Alde Zaharrarentzat. Gainera, aldaketa horiek herritarrekin batera egiteko beharra ere nabarmendu dute, hala nola epe malguak edo errentaren edo adinaren araberako salbuespenak jasoz, herritarrentzat onuragarria izango den ezarpena errazteko.
Hasierako behin-behineko onarpenaren alde bozkatu arren, EH Bilduk azaldu du gerora Udal Gobernua ez zela berriro harremanetan jarri. Ez zituzten alegazioak bidali, eta ez zuten espedientearen bista erraztu; are gehiago, «tipex batekin informazioa tatxatu» zuten hainbat datu ezkutatzeko. EH Bilduk eskuratu ahal izan zuen ordenantzari buruzko hurrengo informazioa Udal Gobernuaren astearteko prentsaurrekoa izan zen. Bertan, gainera, jakinarazten zen Ministerioak zalantzan jarri zuela -abenduaz geroztik- ordenantzaren hasierako onarpena; «gure ustez, informazio hori funtsezkoa da ordenantza onartzeko orduan, eta nahita ezkutatu zaigu», adierazi du Xabier Ruiz de Larramendik prentsaurrekoan.
Azken orduko aldaketek EH Bilduk hasieran onartutakoaren aurka egiten dute, eta aldaketak hauek izan dira: oinezkoentzako lekua berreskuratzea ahalbidetzen duen Auzokideen Lehentasunezko Eremu baten konpromisoa ezabatzea, auzokideentzako salbuespen-epea erdira murriztea (bi urtetik urtebetera), salbuespenen epeak errentari buruzkoetan soilik aldatzea berritzeak hirutik urtebetera murriztuz «joera klasista nabarmenarekin», eta, azkenik, EH Bilduren zuzenketa bat ezabatzea, seinaletikak irisgarritasun unibertsalaren printzipioa errespeta zezan eta euskaraz zein gaztelaniaz egon zedin.
Hori dela eta, hasierako ordenantzaren izaera eta epeak aldatu direnez, EH Bilduk ordenantzari gehituko zaizkion neurriak berriro proposatzea erabaki du, ordenantzaren onarpena errazteko eta ordenantza herritarrentzat onuragarri bihurtzeko.