AKTUALITATEA


| 2021-11-03 11:26:00

EH Bilduk jarrera proposatzailea eta arduratsua erakutsi du aurrekontuen inguruko eztabaidari aurre egiteko orduan, lau lehentasun izan behar ditu: babes soziala eta ongizatea handitzea, trantsizio energetikoa eta ekologikoa martxan jartzea, eraldaketa eta suspertze ekonomikoa aktibatzea eta etorkizuneko Gasteiz prestatzea. Hala, Felix Gonzalez EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak adierazi du beharrezkoa dela aurrekontuari emango zaion balioa zenbatekoa baino handiagoa izatea. «EH Bilduk ordenantza fiskaletan egindako proposamena arduratsua eta orekatua izan zen, eta jarrera berdinarekin doa aurrekontuen eztabaidara. Urtaranen gobernuaren arduragabekeriaren eta marra gorrien aurrean, EH Bilduk akordioak lortzeko erabateko borondatea erakusten du, betiere akordioak edukiz eta erantzukizunez hornituta badaude eta herritarren beharrei irtenbidea ematea bilatzen badute».


EH Bilduk aipatutako lau ardatz estrategikoak ezarri ditu 2022rako aurrekontuei heltzeko orduan. Lehenengo ardatzean gizarte babesa eta ongizatea dago, ezinbesteko baldintza baita krisi sozial, sanitario eta ekonomiko honetan inor atzean ez uzteko. Zaintzen eta zerbitzu publikoen balioa zein horien arrakalak oso nabarmen geratu dira pandemian eta hori dela eta, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren baldintzak eta egoera hobetzeko unea da. Halaber, EH Bilduko zinegotzi Rocio Viterok adierazi du, «etxebizitza duina eskubide gisa gauzatzeko garrantzia denok ikusi dugu argi. Populazio zaurgarrienari eta gazteei zuzendutako etxebizitza politika indartu beharra dago».

 

Etxebizitza bera, EH Bilduren bigarren ardatz nagusian berebiziko garrantzia du. Izan ere, trantsizio ekologiko eta energetiko baterako zutabe funtsezkoa zaharberritzea da. Azken urteotako Urtaranen gobernuren utzikeriari buelta eman behar zaio, eta zaharberritzerako deialdiak berreskuratu behar dira, bidean geratu ziren eskaerak ahaztu gabe. Horrekin batera, EH Bilduk adierazi du badela unea energia berriztagarrien hedapen masibo batekin engaiatzeko, geure teilatuak energia fotovoltaikoarekin betetzeko, energia komunitateak eta bestelako ekimenak bultzatuz eta horien bidelagun izanik.

 

EH Bilduk hirugarren ardatz nagusitzat du ekonomiaren eraldaketa eta susperraldiaren sustapena, eta horretarako aurrekontuan enplegurako laguntzak indartzeko beharra azpimarratu du. Merkataritzaren sektoreari arreta berezia eman behar zaiola adierazi du Viterok, «Europako funtsetara proiektuak aurkezteko tenorean Urtaranen gobernuari ausardia falta zaiola uste dugu. EH Bilduk fabrikazio aurreratuko laborategi bat planteatu zuen Gasteizerako, industriaren eraldaketa produktiboari laguntzeko tresna gisa, eta bada garaia proiektu hori berreskuratu eta martxan jartzeko».

 

Azkenik, baina dagokion garrantzia aitortuta, etorkizuneko Gasteiz prestatzen jarraitu behar dugu: denona den espazio publikoaren birbanaketa ausarten bidez, oinezkoari eta mugikortasun jasangarriari benetako bultzada emanez, garraio publiko modernoarekin edota kulturak behar dituen azpiegituren eguneratzearekin batera.

 

Ardatz nagusiak definituta, EH Bilduk akordio zabalak erdiesteko prestutasun osoa agertu du, nahiz eta orain arteko Urtaranen gobernuaren jarrera guztiz arduragabea izan den. «Gutxiengoan egonda, gaur gaurkoz, ez du inolako hartu-emanik eta are gutxiago negoziaziorik abiatu 2022. urteko aurrekontuetara begira. Hiriaren eztabaidan “Akordioen mahaia” iragarri zuen Urtaranek. Eguneroko praktikan, ordea, aldebakarreko erabakien bidea hartu dute EAJk eta PSEk. Joera horren irudi kezkagarriena ordenantzetan ikusi dugu: marra gorriak jarri eta negoziaziorako eta adostasunetarako borondaterik gabe. Horren aurrean, EH Bilduk arduran eta orekan oinarritutako ibilbidea egingo du», adierazi du Felix Gonzalezek.