AKTUALITATEA


| 2021-03-18 09:54:00

EH Bildu-k 'San Prudentzio Bizirik!' ekimena aurkeztu du, CIAM San Prudentzio kalitatezko zaintza publikoetarako gune bihurtzeko eta zentroko profesionalentzat enplegu duina bermatzeko proposamena. Ekimena bera Gasteizko Udalean eta Arabako Batzar Nagusietan erregistratuko du EH Bildu-k mozio bidez datozen osoko bilkuretan. Adinekoei arreta emateari dagokionez, EH Bildu-k 70 egoitza-plaza publiko berri sortzea proposatu du. "Bada garaia 2016an adostutako 1. eta 2. solairuen erreforma planteatzen duen CIAM-en birgaitze-proiektuari berriro ekiteko. Horrela, adinekoei arreta emateko 70 plaza publiko berri ezartzea eta bizi-espazio duinak sortzea berma genezake", adierazi du Rocio Vitero zinegotziak.

 

Gaur egun, egoitza-plazetarako itxarote-zerrendak 300 eskaera baino gehiago ditu, eta bitartean San Prudentzio CIAM-ek %67ko okupazioarekin jarraitzen du, erabiltzen ez diren 56 plazarekin. Plaza huts horiei, erabiltzen ari ez diren eguneko arretarako 9 plaza gehitu behar zaizkie. "Ez da kasualitatea: EAJ-ren eta PSE-ren politiken noraezaren emaitza baizik, pertsonak dauden tokietan zenbakiak ikusten dituztelako. Ez da eskumen kontua, pertsona kontua baizik. Udalean eta Aldundian gobernuko kideen artean lortutako akordioa arduragabekeria hutsa da, egoitza ezkutuan ixteko prozesua aurreikusten baitu, hutsik geratzen diren plazak bete gabe utziz", adierazi du Claudia Venceslao batzarkideak.

 

Era berean, 'San Prudentzio Bizirik!' ekimenak kalitatezko zaintzan urrats berri bat planteatzen du. Hau da, gaur egun "asistitua" deritzon eremu soziosanitarioa sortzea da proposamena, zainketa aringarriak eskaintzeko eta adinekoek, beren bizitzaren azken fasean, azken urteetan beren etxea izan den tokia utzi behar ez dezaten.

Enplegua sortu

EH Bildu-k, 'San Prudentzio Bizirik!' proposamenean azaltzen duen bezala, uste du kalitatezko zainketak kalitatezko enpleguaren eskutik etorri behar direla. Hori dela eta, eta azken hilabeteetan EAJ eta PSE 11 kaleratze egin dituzten arren, EH Bildu-k 50 profesional baino gehiago kontratatzea proposatu du.

 

"Pandemian txalotu ditugun profesionalak eta bizitzari eusteko giltzarri izan direnak EAJ-k eta PSE-k prekarizatu eta kaleratu egiten dituztenak dira. EH Bildu-ren proposamena guztiz kontrakoa da: kalitatezko enplegu duina sortzea bilatzen dugu", adierazi du Venceslao batzarkideak. Hala, sortu beharreko 50 lanpostu horien barruan, banaketa 41 laguntzailerekin, 7 erizainekin eta 2 administrariekin egingo litzatekeela uste du.