AKTUALITATEA


| 2022-03-23 10:46:00

EH Bilduk Senatura eraman du, bertan dituen bozeramaileen bitartez, Zabalgana eta Salburua tarteetan trena lurperatzeari uko egitearen atzean dauden arrazoiak ezagutzeko beharra. Horri erantzunez, Estatuko Gobernuak alegatu du Salburuaren kasuan «zailtasun teknikoak eta trazadurakoak» daudela lurperatzea Salburuako Boulevardetik harago luzatzeko. Baina, Zabalganaren kasuan, honakoa dio: «Hiri-integrazioaren ikuspegitik ez da beharrezkotzat jo lurperatzea Zabalgana auzorantz zabaltzea».

Felix Gonzalez EH Bilduko bozeramailearen esanetan,
«agerian geratzen da EAJk eta PSEk Salburua eta Zabalganako zatiak lurperatzeko duten borondate falta. Zabalganan lurperatzea beharrezkoa ez dela esatea auzoko milaka bizilaguni emandako zaplaztekoa da. Beste bat, kontuan hartuta auzoak etengabe izan dituela atzerapenak eta ahanzturak zerbitzuak jasotzerako orduan. Beharrezkotzat jotzen diren obren bidez, lurperatzearena barne, auzoaren hiri-lotura eta -integrazioa hobetzeko ekimenak aurkeztuko ditugu».

Estatuko Gobernuak azalpen hau ematen dio Salburuako zatia lurperatzeko ezintasunari: «Errakaleor ibaiaren presentzia oztopo fisikoa da, eta, ingurumen-arrazoiengatik (Salburuako hezegunea elikatzen du), gainazalean baino ezin da zeharkatu. Beraz, egungo trenbide-korridorearen lurperatzea ezin da Salburuako
Bulebarretik haratago zabaldu». Horren aurrean, EH Bilduk baieztapen horren oinarri den dokumentazio teknikoa eskatuko du, eta auzoa erabat integratzeko aukera tekniko eta trazadurazko guztiak aztertzearen alde egiten jarraituko du. Halaber, ezintasun teknikoa berretsiko balitz, auzoan eraginak arintzeko zer neurri hartuko liratekeen argitu beharko litzatekeela uste du. «Salburua hiri-integrazioa konpondu behar da proiektuaren eta lurperatzearen egungo obren testuinguruan. Ezin da izan kanpoan geratzen den auzoaren zatia kaltetu nagusia izatea», adierazi du Gonzalezek.

Baina larriena Zabalaganako zatiari ematen zaion azalpen laburrarekin dator: «Ez da beharrezkotzat jo lurperatzea Zabalgana auzorantz zabaltzea, hiri-integrazioaren ikuspegitik».
«Erantzun erabat onartezina da, ez dago ez arazorik ez zailtasun teknikorik Zabalganako lurperatzea luzatzeko. Errealitatea sinpleagoa da: EAJk eta PSEk ez egitea erabaki dute. Erabaki dute Zabalganak, Gasteizko auzorik jendetsuenak, ez duela merezi hirigunearen begirune bera», adierazi du Gonzalezek, eta EH Bilduk bi auzoei irtenbide bat emateko lanean jarraituko duela ziurtatu du.

Era berean, Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu zuela Madrilgo Aurrekontu Orokorren negoziazioan, lurperatzearen informazio-azterlana Zabaganara eta Salburura zabaltzea ahalbidetzeko edo, gutxienez, lan horiei ekiteko. Akordio orokor bat lortu arren, ezinezkoa izan zen zuzenketa hori onartzea, EAJk ezarritako baldintza egungo lurperatze proiektuari eustea baitzen, aldaketarik gabe. Proiektu horrek 3,2 kilometrotan baino ez du aurreikusten Gasteizen trena lurperatzea, eta Zabalgana auzo osoa eta Salburua auzoaren zati handi bat kanpoan uzten ditu.