Elgoibar

EH Bilduk gogoratu du zarata murrizteko panelak A-8 autobidean noiz jarriko zain jarraitzitzen dutela Basarteko bizilagunek

| 2020-01-31 19:45:00

 

Elgoibarko bizilagunekin joan den udaberrian EH Bilduk auzorik auzo egindako bilera errondaren barruan, Basarte auzotik jakinarazi ziguten arazoa daukatela zaratarekin, A-8 autobidetik igarotzen diren ibilgailuek zarata handia sortzen dutelako, eta horrek eragin zuzena duelako beraien egunerokoan eta bizi kalitatean. Zarata murrizteko lagungarriak izan daitezkeen hainbat neurri proposatu zizkiguten orduan bizilagunek: zarata murrizteko panelak jartzea edota autobideko abiadura muga 80 kilometro ordura murriztea. 

 

EH Bilduk bere egin zituen Basarteko bizilagunen aldarrikapenak eta hauteskunde kanpainan aurkeztu zituen. Handik aste batzutara, ‘ezusteko atsegin’ batekin topatu ginen: Elgoibarko EAJk ere autobidean panelak jartzea proposatzen zuen. Ez hori bakarrik, Bidegiko arduradun eta Elgoibarko alkate ohi Alfredo Etxeberriak iragarri zuen zarataren aurkako panelak urtea amaitu baino lehen jarrita egongo zirela. Elgoibarko Udalak ere iragarpen bera egin zuen. 2019eko maiatza zen, eta nahikoa denbora zegoen lanak egiteko. 

 

Iritsi da 2020 urtea eta urtarrila ere joan zaigu, eta Basarteko bizilagunak zarata murrizteko panelik gabe jarraitzen dute. Desjabetzeekin arazoak dituztela esaten digute orain Udal Gobernutik. Baina egia dena da panelak jarri gabe daudela eta horiek jartzeko lanak hasi gabe daudela oraindik. Basarteko bizilagunek hitz onak baino ez dituzte oraindik eta lanak egin egingo direnaren promesa. Joan den udaberrian esan zieten gauza bera, hain zuzen. 

 

Elgoibarko EH Bildutik uste dugu elgoibartarrei emandako hitza bete egin behar dela. Eta emandako hitza betetzeko zailtasunak sortzen direnean, kaltetutako pertsonei zuzenean eta zabal eman behar zaiela informazioa. 

 

Era berean, lanen exekuzioa bestelako administrazio bati dagokionean, Elgoibarko Udal Gobernuak jarraipen zorrotza egin behar duela uste dugu, ezarritako epeak betetzeko eta egindako lanak aurreikisutakoak modukoak izateko eta, aldi berean, sortzen diren gorabeherak lehenbailehen ezagutu eta kaltetutako elgoibartarrei jakinarazteko. 

 

Basarte inguruan A-8 autobidean zarata murrizteko panelak jartzeko tramiteak eta lanak jarraituko ditu EH Bilduk. Horrez gain, inguru horretan auzotarrek zaratarekin dituzten arazoak konpontzeko lanean jarraituko duela iragarri nahi du, autobidearen alde banatara panelak jartzea ez dela nahikoa uste baitu. Arregitorre eta Erretxindiko goreneko solairuetako bizilagunek arazoarekin jarraituko dute. Horretarako, autobidearen tarte horretan abiadura muga 80 kilometro orduan jartzea proposatzen du. Ez sortzen den zarata murrizteko bakarrik, segurtasun arrazoiengatik ere bai. Autobide tarte hori bihurria da, eta tarte horretan dauden babesak ez dira nahikoak. Ezin dugu ahaztu duela hilabete batzuk kamioia erori zela autobidetik Maltzagara. Basarten eta Ermuaranbiden ezbeharren bat gertatu aurretik, neurri eraginkorrak har daitezkeela uste dugu.

Igerileku berrian irisgarritasuna bermatzeko arrapala jartzea aztertzeko eskatu du EH Bilduk

Proiektua geratzea eskatu du, proposamena nola gauzatu aztertu bitartean, eta Udalak kaltetutako herritarrekin egotea eskatu du

| 2020-01-23 00:05:00

 

 

 

Mugikortasun arazoak dituzten pertsonei laguntzeko, igerileku berrian arrapala jartzea eskatu du EH Bilduk, irisgarritasuna bermatzeko elementu nahikorik ez delako jasotzen Elgoibarko Udala lantzen ari den proiektuan. Arrapala jartzeak igerileku berriaren proiektuan izan dezakeen eraginagatik, arazo honi konponbidea bilatzen zaion bitartean proiektua geratzeko eskatu du Elgoibarko ezker subiranistak. 

 

Atzo egin zen Lurraldetasun Batzordean aurkeztu zituen EH Bilduk proposamen horiek. Horrekin batera, kaltetutako pertsonekin lehenbailehen harremanetan jartzeko eskatu zion Udalari, denen artean konponbiderik eraginkorrena bilatzeko. Hurrengo Lurraldetasun Batzordera irisgarritasun arazoei irtenbidea emango dien proposamena ekartzeko mahai gaineratu zuen EH Bilduk.

ALBISTEAK

EH Bilduk San Antolingo araztegiaren inguruko airearen eta uraren kalitateari buruz galdetu die administrazioei

2020-03-10 19:06:00

Elgoibarko EH Bilduk idazkiak bidali dizkie Elgoibarko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari eta Ura Agentziari, San Antolin araztegiaren inguruan airearen eta uraren kalitatearen inguruan hainbat galdera eta eskaera eginez.