Elgoibar

Hondakinen bilketaren kudeaketan zerbitzu txarra eskaini arren, herritarrei tasak igotzea ez dela onargarria uste du EH Bilduk

Ordenantza fiskal berriak onartzearen aurka bozkatuko du ezker subiranistak gaurko osoko bilkuran, progresibitatea aintzat hartzen ez delako

| 2019-10-23 11:09:00

 

 

Elgoibartarrei ezarritako zergak biltzen dituen ordenantzat fiskalak eztabaidatu eta bozkatuko dira gaur arratsaldean egingo den osoko bilkuran. EH Bilduk iragarri du udal gobernuak egindako proposamenaren aurka bozkatuko duela, besteak beste, progresibitatea aintzat hartzen ez duelako. “Udalak ahalegin bat egin behar duela bere kostuak efizientziaz kudeatzeko, eta igoerarik ez aplikatzeko zalantzaz beteriko sasoi hauetan.”, esan du Jon Peli Uriguen EH Bilduko bozeramaileak. 

 

Zaborren bilketaren zergari ezarritako %3,43ko igoerarekin bereziki arduratuta azaldu da EH Bildu. “Benetan kezkagarria iruditzen zaigu, ez bakarrik igoeragatik beragatik soilik, kudeaketagatik ere bai. Bere egunean hondakinen mahaia sortu zen, EHBilduren bultzadaz, baina han jarritako helburuak ez dira betetzen ari inondik inora, eta gainera mahaia alboratuta daukazue. Hori bai, prezioak igotzerako orduan inongo arazorik ez”. Uriguenek gaineratu du sarri askotan eredugarriak ez diren irudiak ikusten direla hondakinak biltzeko ontzien inguruan: ontziak gainezka, poltsak kanpoan... 

 

Denda txikien obrak 

 

Denda txikientzako eraikuntzaren, instalazioaren eta obren gaineko zerga %2,5etik 1,25era pasatzea albiste pozgarria dela uste du EH Bilduk, azken urteetan egindako lanaren emaitza. “Ziurrenik horrek bakarrik ez du bultzatuko pertsona bat denda txiki bat irekitzera, baina bere egunean dendariekin bildu ginenean esan ziguten bezala, edozein babes, morala bada ere eskertzekoa da beraien partetik, egunerokotasunean dituzten zailtasunen aurrean bultzadatxoa delako”, esan du Uriguenek.

Elgoibarko kultur eskaintza auzolanean lantzeko helburuarekin, Plazara egitasmoa aurkeztu du EH Bilduk

| 2019-10-08 09:59:00

 

Aita Agirre kulturguneak kultur eskaintzarik ez daukalako, kezkatuta azaldu da ezker subiranista, eta hurrengo hiru hilabeteetan herriko eragileekin elkartuko dela azaldu du 

 

Agerraldia egin du Elgoibarko EH Bilduk herriko kultur eskaintzarengatik bere kezka azaltzeko eta Aita Agirre kulturgune berria eraikin hutsa dela salatzeko. “Mamirik gabeko oskola da” esan du Jon Peli Uriguenek. Udalerriko kultur eskaintza auzolanean egin behar dela azaldu du, eta Plazara egitasmoa aurkeztu du, Elgoibarren kultur eskaintza herriko eragile ezberdinekin eraikitzeko asmoarekin. 

 

Hemen duzue Jon peli Uriguenek agerraldian erabilitako testua: 

 

Duela egun batzuetatik, zabalik dira Aita Agirre kulturguneko ateak. Eta joan den ostiralean egin ziren irekiera ospatzeko ekitaldiak. Martxan da Aita Agirre, baina EH Bildutik azpimarratu nahi dugu horrek ez duela egiaz gauza askorik esan nahi, azpiegituraz gain ezer gutxi aldatu delako herriari egiten zaion kultur eskaintzan. 

 

Elgoibarrentzat proiektu handia da Aita Agirre kulturgunea, inbertsio ekonomiko handia eskatu duena. Kezkatuta gaude EH Bildun, gure herriaren baliabide ekonomiko joan den proiektua hutsik dagoelako. Gaur egun, mamirik gabeko oskola da Aita Agirre. Ez dago proiektu kulturalik eraikin berriari egiazko zukua ateratzeko. Azken hilabete eta asteotan gauza asko entzun ditugu Aita Agirrek egingo duen kultur eskaintzaren inguruan, baina zehaztapenik batere ez. Kezkatuta gaudela diogu, entzun baitugu Aita Agirren izango den tabernaren arduradunaren esku geratuko dela eraikinak herriari egingo dion kultur eskaintza. Hilean kontzertu bat eta beste mota bateko ikuskizun/iastaro/tailer/solasaldi bat eskaintzea bermatu beharko du. Baina oraindik, guk dakigula, taberna horrek ez du arduradunik. Eta jakin dugu udal arduradunak herriko tabernariei eskaintzen ari zaizkiela tabernaren kudeaketa. Tabernari baten esku utzi behar dugu Aita Agirrek herriari egingo dion kultur eskaintza. Gai horietan aditua izan ez eta eskarmenturik ez duen pertsona baten ardura izan behar da Aita Agirrek egingo duen kultur eskaintza zehaztea? 

 

EH Bildutik uste dugu premiazkoa dela gai honi bere osotasunean heltzea. EH Bildu osatzen dugunok aspaldi egin genuen Aita Agirreren aldeko apustua kultur erdigunea izateko. Pozten gara beste batzuk orain behar hori ikusi izana, baina benetako egitasmoa faltan botatzen dugu. 

 

Guk “ Plazara” izeneko egitasmoa lantzeko proposamena jartzen dugu mahai gainean, eta Elgoibarko EH Bildutik horren alde egingo dugu lan. Guretzat “Plazara” proiektua herrigintza proiektu bat da. Kontuan hartzen dituena, ikuspegi integral batetik abiatuz, sormen, gizarte eta kultur alorreko eduki eta ikuspegi ezberdinak. Alegia, gure kultur eragile eta sortzaileen beharrei erantzuteaz gain eta kultura sustatzeko eta hedatzeko bitartekoak eskaintzeaz gain, Plazara proiektuak herrigintzarekin zerikusia duten arloak jorratuko lituzke: bizikidetza, herri kohesioa, gazteen eta ez hain gazteen aisialdia, tokiko garapena eta auzolana. 

 

Proiektua bera, Plazara, auzolanean garatutakoa izan behar da. Udala eta gizarte zibilaren arteko elkarlanean oinarritutakoa. Partekatua errotik: bai proiektua diseinatzerakoan (lehentasunak adostuz) bai antolatzerakoan (elkarlana sustatuz). Administrazioak babesa eskaini behar dio kulturgintzari, baina bere autonomia bermatuz eta bultzatuz. 

 

Proiektuaren zeharkako izaera bermatzeko, kultur eragileez gain herriko beste gizarte eragileek ere parte hartu behar dute: merkatariak, ostalariak, gazteak, emakumeak, auzo elkarteak, guraso 

elkarteak, etorkinak... Herri bizia nahi dugu EH Bildutik, parte-hartzailea, herritarren, gizarte sektoreen eta sentsibilitate guztiak kontuan hartzen dituena, guztion artean herri hobe bat eraikitzeko. Aita Agirrerekin eta herriko kultur eskaintzarekin aukera paregabea daukagu norabide horretan urratsak ematen hasteko. 

 

Beraz, EH Bildutik konpromisoa hartzen dugu, hurrengo 3 hilabeteotan, Elgoibarko eragile ezberdinekin bilera sektorialak egitekoa, beraien ekarpenak jaso eta denon artean Elgoibarrek behar duen kultur egitasmoa lantzea, era berean merkataritza sustatuko duena, bizikidetzan urratsak ematea ahalbidetuko duena, gazteen auto-eraketa bilatuko duena eta azken finean, Elgoibarko tokiko garapenean aurrerapausoak ematen lagun dezakeena, bertako merkatari eta ostalariak inplikatuz, etorkizuneko Elgoibar nolakoa izan behar den irudikatuz.

ALBISTEAK

Hondakinen bilketaren kudeaketan zerbitzu txarra eskaini arren, herritarrei tasak igotzea ez dela onargarria uste du EH Bilduk

2019-10-23 11:09:00

Ordenantza fiskal berriak onartzearen aurka bozkatuko du ezker subiranistak gaurko osoko bilkuran, progresibitatea aintzat hartzen ez delako