Baliabide publikoak eta zerbitzuak, herritarren eskura
Urriko kronikan baliabide publikoen kudeaketa, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak eta hauen erabilpenean jarri dugu fokua:
- Ordenantza fiskalak:
Udal Gobernuaren ordenantza fiskalen proposamenak, EH Bilduk legegintzaldi osoan egindako hainbat aldarrikapen jasotzen ditu. Besteak beste, tasa eta zergen igoera 2025eko KPIaren azpitik kokatzea, edo zaborren tasaren kalkulua aldatzea; azken horrek merkataritza-establezimendu eta etxebizitzei onura ekarriko die. Horregatik, EH Bilduk ordenantza fiskalen aldeko botoa eman zuen.
Tasekin lotuta, turismo-tasa ezartzea ere onartu zen. EH Bilduren aspaldiko aldarrikapena denez, neurri horrek ere gure babesa izan zuen.
- Auzoz auzo, Santa Klara:
Irailean Santa Klarako bizilagunekin egindako bileran jasotako eskaera eta proposamenak urrian aurkeztu ziren Lurralde Batzordean.
Gobernu-taldearen erantzunen zain jarraitzen dugu, ondoren auzoko bizilagunei horien berri eman ahal izateko.
- Mintxetako berdegunea:
EH Bilduren aspaldiko aldarrikapenetako bat izan da Mintxetako berdegunea herritarrei irekitzea.
Gobernu-taldeak gure proposamena baztertzeko erabilitako argudioetako bat izan da, horrek berdegunea gehiegi kaltetuko lukeela. Hala ere, ziklokros-proba bat egiten da bertan ( ez gaude horren aurka), eta agerikoa da jarduera horrek eragina duela eremu horretan. Horrek erakusten du Gobernu-taldearen argudioak ez duela oinarri sendorik.
- Zerbitzu publikoak berreskuratzea:
Elgoibarko anbulatorioko larrialdi-zerbitzua berreskuratzeko kanpaina bultzatzen duen 24/7 kolektiboak, zerbitzu horren aldeko mobilizazioa antolatu zuen. Elkarretaratze hau, Osakidetzako langileek urriaren 30an, beraien lan baldintzen defentsan deitutako grebarekin lotura ere badu, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeak duen garrantzia gogoraraziz.