AKTUALITATEA


|

 

Jon Peli Uriguen Elgoibarko alkategaiaren eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagairen arteko elkarrizketa egin zen, ostiral arratsaldean, Giza Eskubideen parkean. Nagore Cid moderatzailearen laguntzarekin, Elgoibarrentzat eta Gipuzkoarentzat dituzten proposamenak eta helburuak azaldu zituzten.

 

Daukan erronka politikoaren aurrean, “ilusioarekin eta itxaropentsu” azaldu zen Uriguen. “Prest gaudela uste dut. Talde berria daukagu, Elgoibarko herritarren errealitatea eta beharrizanak ezagutzen dituen taldea. Elgoibarren eta elgoibartarren alde lan egiteko prest gaude”.

 

Zerbait berria egiteko eta ekartzeko beharra transmititzen diotela herritarrek esan du EH Bilduko hautagaiak. “Beste zerbait behar du Elgoibarrek, ilusio berria, haize berria, gauzak egiteko beste modu bat, herritarren errealitatera eta beharrizanetara askoz hobeto egokitzen den gauzak egiteko beste modu bat. Jendeari entzun eta haiekin batera lan egin, eskuz esku eta auzolanean”.

 

“Denon Elgoibar eraiki nahi dugu”, adierazi du. “Elgoibarko herritarrekin batera elgoibartar guztientzako udalerria eraiki nahi dugu, herritar asko eta askoren lanaren eta izerdiaren fruitua delako gaur ezagutzen dugun Elgoibar. Butzada berria behar du Elgoibarrek, eta EH Bildu horretarako prest dago”.