AKTUALITATEA


| 2019-11-25 21:04:00

 

Hauteskunde kanpainan iragarri zuen Elgoibarko EH Bilduk Plazara egitasmoa aurkeztuko ziela herriko eragileei, auzolanean udalerriari zuzendutako kultur eskaintza integrala lantzen hasteko helburuarekin. Joan den urrian, Aita Agirre kulturgunearen inaugurazioaren bezperatan, kezkatuta azaldu zen ezker subiranista, udalerriarentzat inbertsio ekonomiko handia suposatu zuen eraikinarekin lotuta ez zegoelako kultur eskaintza ganorazkorik. “Mamirik gabeko oskola” zela esan zuen orduan. Hiru hileko epean, eragileekin bilera egiteko konpromisoa hartuz zuen orduan. 

 

Ostegunerako deitu du bilera EH Bilduk, Aita Agirreko areto nagusian, arratsaldeko 18:00etan.Bertara deituta daude sektore ezberdinetako herriko eragileak, baina batez ere kultur eskaintzarekin harremana daukaten eragileak eta norbanakoak. 

 

Urrian egindako agerraldian, Aita Agirre kulturguneko kultur eskaintza taberna kudeaketuko zuen pertsonaren esku geratuko zela-eta kezka azaldu zuen ezker subiranistak, gerta zitekeelako pertsona horrek kultur kudeaketarekin zerikusia ez izatea. Gainera, Udalak jarritako baldintza (kultur egitasmo bat hilean) eskasa zela azaldu zuen. Orduan mahai gainean jarritako zalantzak baieztatu egin dira. Hedabideetatik ezagutu da Aita Agirreko taberna kudeatuko duen pertsonak kultur eskaintzarekin harremanik ez daukala eta, okerragoa dena, egin dituen adierazpenen arabera ostalaritza eskaintza erabat lehenesten duela, kultur egitasmoa bigarren mailan utzita. 

 

Horretaz guztiaz hitz egiteko eta udalerriak merezi zuen kultur egitasmoa auzolanean lantzen hasteko helburuarekin, herriko eragileekin lan saioa egingo du EH Bilduk ostegunean. Plazara proiektua herrigintza proiektu bat da. Kontuan hartzen dituena, ikuspegi integral batetik abiatuz, sormen, gizarte eta kultur alorreko eduki eta ikuspegi ezberdinak. Alegia, gure kultur eragile eta sortzaileen beharrei erantzuteaz gain eta kultura sustatzeko eta hedatzeko bitartekoak eskaintzeaz gain, Plazara proiektuak herrigintzarekin zerikusia duten arloak jorratuko lituzke: bizikidetza, herri kohesioa, gazteen eta ez hain gazteen aisialdia, tokiko garapena eta auzolana.