AKTUALITATEA


| 2020-06-22 09:29:00

 

 

EH Bildu kezkatuta dago Pedro Muguruza etorbidearen izena aldatzeko tramiteak hasteko mozioa osoko bilkuran aho batez onartu eta 7 hilabetera oraindik ez delako horretarako pausorik eman. Iazko irailaren 25ean egindako osoko bilkuran honako testu hau onartu zen: “Pedro Muguruza kalearekin dagoen eztabaida mahai honetara (bizikidetza mahaira) eraman eta kontakizun horren barruan herritarrei ere galdetzea zer nahiko luketen egin kale izen horrekin”. 

 

Elgoibarko ezker subiranistaren ustez, 2020. urtean gauden honetan eta sinbolo frankista guztiak ezabatzea agintzen zuen Memoria Historikoaren Legea onartu zenetik 13 urte igaro direrenean, Elgoibarren oraindik ere Pedro Muguruza bezalako frankista batek kalea izatea onartezina da. Frankismoaren erreferentziazko arkitektoa eta Gorte frankisketatan diputatua izan zen Muguruza. Bere lanen artean dago Erorien Harana. Muruguza Madrilen jaio zen, nahiz eta bere familia Elgoibarkoa izan. Kaleak frankista baten izena edukitzeaz gainera, plaka falangista handi bat dago oraindik. Bestalde, Muguruzak gure udalerriko seme kutuna izaten jarraitzen du -hala da oraindik ere Frantziako diktadorea-. Gure udalerrian jarraitzen duen beste ikur frankista Morkaiko gurutzea da. 

 

Elgoibarko EH Bilduk uste du beharrezkoa dela frankismoari erreferentzia egiten dion guztia gure udalerritik kentzea, eta, beraz, hasiera ona izango litzateke erdiguneko kale honen izena aldatzea. EH Bilduk, bere mozioan, izen bat proposatu du, "Martxoak 8 etorbidea", Emakumearen Eguneko mobilizazioetan sortu zen herri-proposamenarekin bat eginez. 

 

EH Bilduk bere mozioan gogorarazi du beharrezkoa dela kalearen izena aldatzeko mekanismoak aktibatzea. Gaia Bizikidetza Batzordean lantzen hasteko eskatu du. Halaber, izen berriaren inguruan proposamenak jasotzeko edo ekarpenak egiteko, prozedura irekitzea eskatu du ezker subiranistak.