AKTUALITATEA


| 2019-07-02 14:58:00

 

EAJk gehiengo absolutua galduta, PSE eta Podemosekin gai zehatz batzuetan gehiengo berriak egituratzeko ahalegina egingo duela esan du Uriguenek 

 

Uztailaren 15ean egingo den osoko bilkurarekin abiatuko da legealdi berria Elgoibarko Udalean, eta horren aurreko bere asmoak eta jarrera azaltzeko, agerraldia egingo du Jon Peli Uriguen EH Bilduko udal taldeko bozeramaileak. 2.065 boto eta 7 hautetsi eskuratu ondoren, Udaleko bigarren indarra izango da EH Bildu. Era horretara, oposizio lan “eraikitzailea eta arduratsua” egiteko konpromisoa hartu du Uriguenek. “Elgoibartarren kezkak eta arazoak udal politikaren erdigunean jartzea da gure asmoa. Herritarrak eta haien arazoak konpontzea izango da EH Bilduren ipar-orratza, eta horretan egingo dugu lan, zehaztutako bidetik atera gabe”. 

 

Elgoibar hobe bat eraikitzeko, EH Bilduk proiektu “gauzagarriak” dituela azpimarratu du Uriguenek, eta proiektu horiek udaletxera eramateko asmoa azaldu du. “Gure kezkak elgoibartarren kezkak izango dira”, agertu du. “Elkarteekin eta norbanakoekin izan ohi ditugun bileretan argi azaltzen dira zeintzuk diren kezka horiek: auzoak erdigunearekin lotzea, herriaren erdigunea biziberritzea, herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea, okerren dauden pertsonak zaintzea (langabeak, adineko pertsonak, gazteak, emakumeak...) eta haien eguneroko bizimodua erraztea. Elgoibar orekatua lortzea da gure asmoa eta edozein gizarte aurreraturen helburu nagusia”. 

 

Hauteskunde kanpainan elgoibartarrekin hartuko konpromisoak berretsi ditu Uriguenek. Hau da, denon artean Elgoibar hobe bat eraikitzeko konpromisoa, “udaletxean zein handik kanpo lan eginez, soilik horrela egin daitekeelako kudeaketa publiko eraginkorra”. Hala, EH Bilduk elgoibartarrekin eta Elgoibarrentzat egingo duela lan adierazi du Uriguenek. “Udaletxearen ateak eta leihoak ireki behar dira, haize freskoa sartzeko, baina herritarren kezkak aintzat hartuak izateko ere bai. Hori horrela izateko konpromisoa hartzen dugu. Herritarrak entzungo ditugu, haien arazoak zeintzuk diren jakiteko eta konponbide adostuenak eta egokienak mahai gainean jartzeko. Soilik horrela egin daitekeelako kudeaketa eraginkorra”. 

 

Zentzu horretan, aurreko kanpainan abiatutako Auzoz auzo kanpainarekin jarraitzeko asmoa agertu du EH Bilduk, auzotarrekin hartutako konpromisoa beteta. Maiztasun jakin batekin, auzoetara joango dira EH Bilduko ordezkariak, haien kezkak eta konponbide posibleak zeintzuk diren lehen eskutik ezagutzeko. 

 

Uriguenek gogoratu du hastear dagoen legealdiak baduela berritasun bat Elgoibarren: joan den maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoren, gehiengo absolutua galdu du EAJk. “Amaitu da, horrenbestez, ‘rodillo’-aren edo udal taldea oposizioaren gainetik igarotzearen garaia. Elkarrizketaren eta adostasunaren garaia heldu behar da Elgoibarko Udalera. Eta, nola ez, EH Bilduk 

jarrera irekia eta arduratsua izango du beti, esan bezala, elgoibartarrak eta haien kezkak eta arazoen konponbideak izango direlako gure lehentasun nagusia eta bakarra”, esan du. 

 

Era berean, politika publiko aurrerakoiak egitearen defentsa egiten duten hiru indar politikoren batuketa Udalean dela nagusi zehaztu du. EH Bildu, PSE eta Podemosen arteko batuketa, alegia. “Oposizioko lehen indarra garen heinean, proiektu eta problematika jakin batzuen aurrean gehiengo berriak bilatzeko, egituratzeko eta gidatzeko konpromisoa hartzen du EH Bilduk. Posible da gehiengo berri horiek eraikitzea, eta herritarren gehiengoaren mesedetan jartzea. Gehiengo berri horiek egituratzeko, proposamenak egin eta ekimen zehatzak abiatuko ditu EH Bilduk”.