AKTUALITATEA


| 2024-01-31 11:11:00

Aurreko legealdian, EAJ-PSEk osatutako gobernu taldeak Pedro Muguruzaren eskola zaharrak hartu zituen eraikina botatzeko erabakia hartu zuen.

Presaka hartutako erabaki horren aurrean, EH Bilduk proposamen zehatz bat aurkeztu zuen eraikinaren orainari eta etorkizunari buruz erabakitzeko, eta honako bi zutabe hauetan oinarritzen zen:

1.- Eraikinari buruzko azterlan tekniko bat egitea aldez aurretik, eraikinaren benetako egoera ezagutzeko.

2.- Herritarren Partaidetza Prozesu bat abian jartzea, elgoibartarrek eraikuntzaren eta/edo orubearen xedea erabaki ahal izan dezaten

Proposamen hori atzera bota zuen EAJ-PSEk, bai Hirigintza Batzordean, bai gaia jorratu zen bi osoko bilkuretan, eta eraikina eraisteko asmoarekin jarraitu zuten, 2023ko udal-aurrekontuetan 370.000 euroko partida sartuta, hain zuzen ere, Eskolak eraisteko, baina partida hori, azkenean, ez zen gauzatu.

Aurretik, EAJ-PSEk, beraiek prozesu parte-hartzailea deitu dutena ireki zuten. 2022an, ustez modu aleatorioan (inoiz ez da prozeduraren berri eman, erabat opakua izan zen), bizilagun gutxi batzuei deitu zieten telefonoz (ez da ofizialki jakinarazi zenbati deitu zioten), eta 3 proposamenen artean aukeratzea proposatu zieten, eta horien artean ez zegoen Eskolak zutik eustearena. Azpimarratu behar da prozesu horrek ez zuela bete Elgoibarko herritarren parte-hartzeari buruzko indarreko araudian jasotako baldintzetako bat ere (deialdi publikoa, parte hartzeko aukera guztiei irekia...).

Zorionez, badirudi EAJ-PSE tandemak bere posizioa aldatu behar izan duela eta aurtengo aurrekontuetatik eraisteko partida kentzeaz gain, eraikinaren egoerari buruzko azterketa teknikoa egitea onartu duela.

Egoera berri horren aurrean, EH Bilduk herritarren benetako parte hartze prozesu bat irekitzea proposatzen jarraitzen du, 48. artikulutik 54. artikulura (Herritarren partaidetzarako prozesu zehatzak) eta 55. artikuluan (Herri-kontsultak) araututako Parte-hartze Araudian oinarrituta.