Ostegun goizak garrantzitsuak dira Elgoibarko erdiguneko kaleetan, kalera irten eta erosketak egiteko asteko egunik girotuena da bai Elgoibartarrentzat eta baita inguruko herrietako hainbat biztanlerentzat.
Merkatu plaza da urtez urte arrazoi desberdinak direla eta gainbeheran datorrena eta anbulategi berria bertan egiteko proiektuak merkatu plazaren inguruan hausnarketa bat egiteko aukera zabaltzen du.
Inguruko herrietako merkatu plazei begiratzen badiegu Azpeitiko Azoka Plaza da gaur egun erreferente nagusia, astearte goizero 43 postu kokatzen dira bertan, Azpeitia, Urola eta Gipuzkoatik etorriak eta itxarote zerrenda dago gainera. Honetaz gain Elikagunea proiektu kooperatiboa ere bertan kokatua dago, bertako produktuekin egunero zabalik dagoen janari denda dauka, baita sukaldea eta dastaketa/heziketa gunea. Bertan 8 langile bazkide eta 470 bazkide kontsumitzaile dituzte. Horretaz gain herriko hainbat jantoki kolektibotara (eskola, enpresa...) bertako produktuak banatzen dituzte. Sukaldearen bidez etxera eramateko plater prestatuak eskaintzen dituzte, herriko ekitaldietarako otordu zerbitzu integrala, sukalde ikastaroak, dastaketak eta abarrak.
Elgoibarren aukera bat zabaldu nahi diogu ostegun goizei eta lehen sektoreari. Herrian bertatik bizi diren baserritar gutxi egon arren inguruetatik etorri daitezke eta baita nekazari berriak erakarri ere, batak ekartzen du bestea, bi norantzatan.
Udal gobernuari luzatu diogu proposamena modu eraikitzailean eta espero dugu elkarlanean garatzen joan ahal izatea.
Gisa honetako baserritarren merkatu batek ingurugiroan eta tokiko ekonomian eragin positiboa izateaz gain, mesede egingo lioke Elgoibarko herri giroari, erdialdeko merkataritzari eta ostalaritzari.