AKTUALITATEA


| 2024-06-14 08:54:00

Hilabete honetan landutako gaiek erakusten digute zein garrantzitsua den gure uste sendoei tinko eustea eta gure proiektuak aurrera ateratzeko aurkitzen ditugun oztopoei aurre egitea.

1- Europar hauteskundeak:

Europako hauteskundeekin lau aldiz hautestontzietara eraman gaituen ziklo bat itxi dugu. Gure emaitzen gorakada nabaria izan da, eta azken hauteskunde honetan Elgoibarko lehen indarra izatea lortu dugu. Emaitza hauek gure herriarekin hartu dugun erantzukizuna areagotu besterik ez dute egiten, elgoibartarren alde lan egiteko hartutako konpromisoa berretsiz. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko jasotako babesagatik!

2-Herribusa:

Pozik gaude jakiteagatik udal gobernuak Herribusaren zerbitzua herriko auzo gehiagotara zabalduko duela, eta gure lanak bere fruituak ematen dituela berresten digu. Guztion lanagatik ez balitz izango seguru gaude zerbitzu publiko hau ez zela garatuko. Eta esandakoarekin koherenteak izateko garbi dugu oraindik ere beharrezkoa dela herritarren parte-hartzea sustatzea zerbitzua hobetzeko eta optimizatzeko (herribusaren ibilbidea, finantzazioa, irisgarritasuna…)

3-Mintxetako berdegunea:

Hau da, udal gobernuak behin eta berriz ukatzen duen arren, behin eta berriz eskatzen jarraitzen dugun beste aldarrikapen bat. Ez zaigu buruan sartzen, ezta hurbiltzen zaizkigun elgoibartar ugariei ere, zergatik mantentzen den itxita, bainu-denboralditik kanpo, hain erakargarria eta erabilgarria den berdegunea. Nolanahi ere, argi dago ez dugula etsiko proiektu hau errealitate bihurtu arte.