AKTUALITATEA


| 2024-07-04 06:21:00

Kurtso politiko honen amaierara iritsita, hileroko kronika laburraren ordez, ikasturte politikoaren kronika laburra duzue eskuetan. Gure lehentasunezko lau lan-eremuen inguruan antolatutako jarduera politikoaren ikuspegi panoramikoa ematen saiatu gara:

1-Herri  barneratzailea:

Hauteskunde ziklo biziak nabarmen baldintzatu du ikasturte politiko hau. EH Bilduren emaitza oparoetan sakondu gabe, Elgoibarren eta Euskal Herrian izandako mobilizazio ezberdinak azpimarratu nahiko genituzke: zaintza greba, martxoak 8, pentsioak, Altzola, anbulategiko larrialdi zerbitzua, presoen eskubideak...izan ere herritarren mobilizazioak erakundeetan eragiteko oinarrizkoak dira, gure herritarren anbizio maila eta eskaeren norabidea adierazten digutena.

2- Ekonomia soziala,  publikoa eta inbertsio sozialak:

Kalegoen plazako eraikina erori zenetik bosgarren urteurrena bete da. Honek gogorarazten digu gure alde zaharreko eraikinen mantenuan ditugun hutsune nabarmenak eta gure etxebizitza-politikaren gabeziak. Helburua ongizate indibiduala eta kolektiboa maximizatzea izanik, udalaz gaindiko erakundeen proiektu handiek, anbulatorioa edo egoitza kasu, ez digute berez bermatzen herritar gisa zerbitzu publiko eta sozial onak izateko dugun eskubidea.

3- Jasangarritasuna eta lurralde-antolamendua:

Aurre egin behar diogun krisi klimatikoak, eta garapen urbanistikoaren eta ingurumenaren arteko oreka lortzeko, behin eta berriz udalean ingurumen-teknikari bat izatera interpelatzen gaitu. Jasangarritasunak, besteak beste, honako hauek ekarri behar ditu: mugikortasun-politika sendo bat, hirietarako eta landa-eremuetarako oinarrizko zerbitzuen garapena (uraren oinarrizko hornidura...), lursail publikoak zabaltzea eta irisgarritasun unibertsala lortzea.

4-Demokrazia zuzena

Entzute aktiboan oinarritutako gure Auzoz-auzo ekimenaren bitartez, auzotarren eguneroko arazoetako batzuk udal gobernuaren agendan sartzea lortu dugu. Beste kasu batzuetan, P. Muguruzaren eskolen kasuan aldiz, saiatu arren, herritarren parte-hartze aukerak erabaki politiko batetara murriztuak geratu dira. Nolanahi ere apaltasunez eta anbizioz lan egiten jarraituko dugu, ikasturte berriko kroniken bitartez hauen berri emanez.