AKTUALITATEA


| 2019-12-11 16:42:00

 

Mugikortasun Astearen barruan proposatutako neurriek herriko merkatarien artean ezinegona sortu duela gogoratzearekin batera, herri autobusa eta industrialdeetara langileak eramateko autobus publikoa martxan jartzea proposatu du ezker subiranistak 

 

Mugikortasun Iraunkorraren Astea izendatu du Elgoibarko Udalak abenduarek 9tik 15erakoa, eta ekimen horren barruan, herriko erdiguneko kaleak (San Frantzisko, Errosario, San Bartolome eta Santa Ana) motordun ibilgailuentzat itxi ditu. Ibilgailuak erdigunetik ateratzeko helburua ontzat ematen du EH Bilduk, baina ez du kontuan hartzen horrek dituen ondorioak. Hain justu, Udalak modu aldebakarrean hartutako erabaki horrek kalteak eragin dizkie herriko merkatariei, haserreak eta ezinegonak eraginez. EH Bilduk gogoratu nahi du nahikoa zailtasun dituztela herriko merkatari txikiek beraien egunerokoan, gabon sasoian, irabaziak izan ditzaketen sasoian, zailtasun handiagoak ipintzeko. 

 

Izan ditzakeen ondorioak kontuan izan gabe eta kaltetuak izan daitezkeenak kontuan izan gabe erabakiak hartzea eta praktikan jartzea salagarria dela uste du EH Bilduk, politika egin eta instituzio publikoak kudeatzeko modu eta estilo bat agerian uzten duelako. 

 

Mugirkortasunarekin benetan kezkatuta badago, arazoari adarretatik heldu eta konponbide integrala mahai gainean jartzeko eskatzen dio EH Bilduk Elgoibarko Udalari. Urteko 7 egunetarako hartzen diren neurriek itxura egiteko balio dezakete eta herritarrak kontzientziatzeko, baina ez dira benetako soluzioak. Zentzu horretan, arazoari konponbide integrala emateko gaia modu serioan landuko duen mahaia sortzea proposatzen du Elgoibarko EH Bilduk, eta mahai horretan arlo guztietako eragileek parte hartzea. 

 

EH Bildu ere aspalditik dago kezkatuta herriko mugikortasunaren arazoekin eta horrek herriaren erdigunean daukan eraginarekin. Era horretara, bi neurri proposatzen ditu ezker subiranistak, konponbide gisara: auzoetatik erdigunera herritarrak hurbiltzea errazteko, herri autobusa martxan jartzea. Modu horretara, autoak aterako lirateke erdigunetik eta aparkalekuekin Elgoibarrek daukan arazoari irtenbidea emango zitzaion. Aldi berean, ordu jakin batzuetan errepide nagusian izaten diren auto-pilaketak ikusita, industrialdeetara langileak eramateko autobus publikoak jartzea proposatzen du EH Bilduk.