AKTUALITATEA


| 2019-05-30 20:36:00

 

EH Bilduk harriduraz hartu du Mintxetako ur-parkea erabiltzeko baldintzak igerilekuak erabiltzeko berberak izatea, aurretiaz erabilera librea izango zela agindu zuenean Elgoibarko UdalakEra horretara, elgoibartarrei emandako hitza betetzea eta erabilera librea eta doakoa izatea eskatzen dio Elgoibarko EH Bilduk Udalari.

 

Joan den martxoaren 22an, ur-parkea egingo zela iragarri zuen Udalak, eta bertan zehaztu zuen gune irekia eta sarbide librekoa izango zela. Hau da, doakoa izango zela erabilera. Lanak amaitzear daudela eta ur-parkea ekainaren erdi aldera irekiko dutela iragarri dute orain Udaletik. Baina ezustekoa hemen dago: ez da gune irekia eta sarbide librekoa izango, igerilekuak erabiltzeko baldintza berberak bete beharko dituzte erabiltzaileek. Erabiltzeko ordaindu egin beharko dela, alegia.

 

Herritarrak engainatzeari uzteko eta emandako hitza betetzeko eskatzen dio EH Bilduk Udalari, eta horretarako neurriak hartzeko. Oso larria eta onartezina da hauteskundeak egin eta egun gutxira esatea orain erabilera ez dela doan izango. Politika egiteko modu hau ez dator bat EH Bilduren printzipioekin, herritarrei emandako hitza eta haiei zor zaien errespetua gauza guztien gainetik egon behar dela uste baitu.